Marta Macho eta Manoel Martinez Osakidetzako oposizioetan iruzurra gertatu zela salatu zuten anestesitetako bi dira. ESK sindikatuak ohartarazi du ospitalea haiek zigortzen ahalegindu dela. Babesa erakutsi eta zuzendaritza salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur goizean biek lan egiten duten Arrasateko (Gipuzkoa) ospitale atarian.
Lanpostua duten beste bi anestesistaren ordez daude balean Macho eta Martinez. Roberto Sanchez da irregulartasunak salatu zituen hirugarren anestesista. Hark kontatu ditu zigorrak. Esan du beste anestesista bat lan gehiago hartzera "behartu" dutela, Machori lanaldia murrizteko. Horren frogak dituztela nabarmendu du. Orain %60ko lanaldiarekin dago Macho. Martinez ezintasuna eskatzen zebilen anestesista nagusi baten lekuan dago. "Uste genuen ez zela bueltatuko, hori zelako bere asmoa. Baina itzuli da". Pentsatzen dute itzultzera behartu dutela. Martinez lanik gabe gera ez zedin, Sanchezek lanaldi murrizketa eskatu du: %60ra dago orain Sanchez, eta Martinezek betetzen du berari kendutako %40. "Hiru anestesista gaude lanpostu eta erdi pasatxo betetzen".
Sanchezek esan du Osakidetzako eta Osasun Saileko buruek ardura politikoak hartu behar dituztela; eta iruzurren erantzule zuzenek epaileek ipinitako zigorra bete baharko dutela. Behin erantzukizunak argitutakoan, eztabaida sortu nahi dute, Osakidetzako oposizioen eta kontratazioen eredua adosteko.
Osakidetzak ohar bidez ukatu ditu "errepresaliak". "Berdin tratatzen ditugu langile guztiak, eta horrek ezingo luke bestela izan". Iritzi publikoa "manipulatzen" saiatu izana egotzi diete hiru anestesistei. Eta ohartarazi du elkarretaratzeak ez duela izan gehiengo sindikalaren babesik.