Frantziako Senatua oraindik ezezaguna du Jean Jacques Lasserrek (1947, Bidaxune) eta instituzio horren antolaketa deskubritzen ari da, poliki-poliki. Baina, hori eginik, izan euskararen ko-ofizialtasuna edota Ipar Euskal Herriaren egituraketa, hainbat mezu bertara eramanen dituela azaldu du BERRIAri. Forces 64 alderdiko kidea da, zentrista.
Senatari aulkia lortu berri duzu. Nola sentitu zinen lehen saioan?
Emozio pixka bat ukan nuen, bistan da, Errepublikaren instituzio handi bat da senatua. Eztabaida eta solasaldi sakonak eta baketsuak egiten dira bertan. Horrekin adierazi nahi dudana da han dagoen pertsonen arteko harreman motak elkarrizketa ahalbidetzen duela. Goi mailako antolakuntza administratibo eta teknikoa dauka senatuak, eta horretan oinarrituko naiz dauzkadan txostenak aitzina eramateko.
Justuki, zein da senatura eraman edo eramanen duzun lehen mezua?
Egitura berri horri usatu behar naiz lehenik, eta ez da ahantzi behar 350 bat garela, guztira. Baina, argi da hauteskunde kanpainan zehar entzun eta entzunarazi dudan mezua eramanen dudala: lurralde elkargoak errespetatu behar direla, edozein tamaina izanik ere, baita auzapez eta hautetsiak errespetatu behar direla, inork ez dezakeelako haiek baino hobeto jakin zein den gauzatu beharreko politika. Segur naiz jendarte bizia garatzeko boterea eta ardurak tokikoei banatu behar zaizkiela. Ahal dudan aldi oro entzunaraziko dut mezu hori, izan eztabaiden orduan, izan finantza legeaz hitz egiteko orduan. Ekonomia eta Lurralde Antolaketa batzordeko kide izatea erabaki dut, justuki aipatu arrazoi horiengatik guztiengatik .
Garapen eta Hautetsien Kontseiluek gogoeta bat dute abiaturik Ipar Euskal Herriaren antolaketaren geroaz. Hiru proposamen ikertzen ari zarete: lehena, gaur egungo egoera atxikitzea, Pays egiturarekin elkarte moduan segituz; bigarrena, delegaturiko eskumenak lituzkeen egitura bat sortzea; eta hirugarrena, eskumen propioak lituzkeen lurralde elkargoa gauzatzea. Zuk bigarren proposamena duzu onesten, zergatik?
Orain arte genuen Pays egitura ez da nahikoa, eta beste bi aukereiburuzko solasaldia barnatu behar dugu, bat eta besteari buruzko gogoeta eraman behar dugu. Nire aldetik, ez dut hobespenik, egitura baikorki garatzea da dudan lehentasun bakarra, Pays tresna baino urrunago joan gaitezen. Horretarako bi gauza argi ukan behar ditugu: bata, antolaketa moduak arras ongi ikertzea, eta erran gabe doa emangarria izateko Frantziako Errepublikaren barne egon beharko duela. Proposamen horietariko bat bururaino eraman beharko dugu. Bigarrenik, lurralde elkargoen nahiari eta inplikazio heinari begiratu beharko diogu. Bi baldintza horiek betez gero, segur naiz aitzinatuko garela.
Otsaila arte iraunen du gogoetak. Babes handiena ukanen duen proposamena Parisera eramanen duzu?
Zintzoki diot, ez dakit oraino. Behar orduan begiratuko dut ideia aitzina eramateko molde hoberena zein den. Presidentetzarako hauteskundeen garai bete-betean izanen gara, momentu garrantzitsua izanen da, beraz. Begiratu beharko dugu legegintzako bidea den egokiena, baina bai, seguruenik hori izanen da hartu beharrekoa.
Senatari izaki, hizkuntza gutxituen aldeko lege proposamena ere hurbiletik segituko duzu. Kantonamenduetako bozketen garaian, EH Bairi erantzun zenion euskararen koofizialtasuna «erabat hausnartua edo gogoetatua» izan litzatekeela. Berriro mezua entzunaraziko duzu senatuan ere ?
Mezu hori eramanen dut senatura. Baina, hor ere begiratu behar dut zein den eramateko modu hoberena: sakoneko lan bat eraman? Batzorde batera eraman? Hautetsien sentsibilizazio lana egin? Hori guztia begiratu behar dut, baina bai, egitekoa dut.
Beraz, erran duzun guztia kontuan hartuz, erran daiteke Euskal Herriko aldarrikapenak Parisen entzunaraziko dituen hautetsia izanen zarela?
Ez naiz Parisen den hautetsi bakarra... Bai, jendeak nire ikuspuntuak ezagutzen ditu aspaldian eta entzunarazten segituko dut. Uste dut gainera, Euskal Herrian nagusitzen diren nahikeriak direla. Erran behar da ere Euskal Herriko egoera aberatsa izateaz gain korapilatsua ere dela. Baina, jarrera bera atxikiko dut.
Jean Jacques Lasserre. Frantziako Senataria
«Orain arte genuen Pays egitura ez da nahikoa»
Jean Jacques Lasserre senatari izendatu zuten irailaren 25ean; gaur egun senatuan aulkia duen Ipar Euskal Herriko hautetsi bakarra da bidaxundarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu