Ezinikusi handia diote elkarri Yolanda Barcinak eta Roberto Jimenezek. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari gerenteak bere lehen salaketa egin ondotik, PSNko idazkari nagusiak bere arazo guztien irtenbidea ikusi zuen begien aurrean. Azkenik, gobernutik kendu zuen bazkide ohiari azken kolpea emateko gertu zegoen, Alfredo Perez Rubalcabaren oniritziarekin. «Bere kabuz alde egin dezala; bertzela, guk botako dugu», ohartarazi zion Yolanda Barcinari otsailaren 12an. Bi asteren buruan, Nafarroako lehendakariak egoera zailari aurre egitea lortu du, eta orain Jimenezen hitz horiek bere aurka itzul daitezke. Bi astean, Barcinak presioa bere buru gainetik PSNko buruzagiaren gainera pasatzea lortu du. Orain, Roberto Jimenez dago kolokan.
Gaur ezagutaraziko ditu ikerketa batzordeak bere ondorioak, eta, horren ostean, PSNko zuzendaritza batzordeak zentsura mozioa aurkeztu edo ez aztertuko du. PSNko iturriek azaldu dutenez, agenda kontuengatik «ia ziurrenik» larunbatean bilduko da zuzendaritza eta datorren astean bere erabakia hartuko du Lurralde Batzordeak, kongresu arteko organo gorenak. Haatik, inori ez zaio oharkabean pasatzen, PSNk alderdi barruko erabaki guneak izan arren, azken hitza PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak izango duela.
Ikerketa batzordeak kaleratuko duen txostenaren zain, Espainiako eskuin mediatikoa hasi da zuhaitza astindu nahirik. El Mundo egunkariak atzo kaleratu zuen PSOEk jada erabakia hartua duela. Haatik, Ferrazeko ezein agintarik ez du erabaki hori ez baieztatu, baina ezta gezurtatu ere. Eta hori jada esanguratsua bada.
Antonio Hernando PSOEko Politika Autonomikoko idazkaria egun batzuez Iruñean izan da, eta atzo TVEk elkarrizketatu zuen. Ez zuen ezer argitu mozioaren inguruan, eta hauxe bakarrik esan zuen: parlamentuko txostena kaleratu eta 24 ordura hartuko dela erabakia. Madrilen zirkulu batzuetan esaten da hain justu 24 ordu geratzen zaizkiola Jimenezi berari PSNko buru moduan, eta Rubalcaba jada haren ordezkoaren bila dabilela. Horri buruz galdetu ziotenean elkarrizketan, Hernandok ukatu egin zuen Roberto Jimenez idazkaritza nagusitik kentzeko asmorik dagoela.
Hala ere, zentsura mozioaren gaineko erabakiak Roberto Jimenezen etorkizun politikoa baldintzatuko du, nahitaez. Horren jakitun da Jimenez bera. Moziorik ez dela izango ziurtzat jotzen dute askok, eta, horren harira, burlati hitz egin zuen atzo Jimenezek: «Zenbaitzuek kristalezko bola izango dute».
Ikerketa batzordearen emaitzari begira, «zuhurtzia» eskatu zuen atzo goizean: «Nire alderdikideei esan diet ikusi zutenaren arabera, bizi zutenaren arabera, har ditzatela erabakiak eta izan daitezela zintzoak euren buruarekin eta inplikatuta dauden pertsonekin». Azken egunetako gertakariez ere eman zuen bere balorazioa PSNko buruzagiak. Ustelkeriarik egon den galdetuta, Jimenezek erantzun zuen funtzionarioen borondatea makurrarazteko «ahalegin argiak» izan direla egiaztatu dela: «Ustelkeria ez da soilik nahi den helburua lortzea, baizik eta hori lortzen ahalegintzea». Haren ustez, Lourdes Goikoetxeak ez luke presidenteordetzan jarraitu behar.
Batzordean, Bilduk Goikoetxeari galdetu zion ea noiz atera zen Talleres Ezquerra enpresatik, eta Goikoetxeak erantzun zuen 2011ko ekainean atera zela. Atzo, Gara egunkariak jakitera eman zuen Talleres Ezquerrako emaitza batzuk Goikoetxeak kontseilari zela sinatu zituela 2011ko uztailaren 5ean, Industria kontseilari izendatu eta hiru egunera. Bateraezintasunaren legea urratu zuen, eta batzordean egia esateko betebeharra zuen Goikoetxeak.
Santos Cerdan parlamentari
Roman Felonesek, 35 urtez parlamentari izan eta gero, bere akta utzi du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko zuzendari izateko. Haren ordez, Santos Cerdan PSNko antolamendu idazkariak egin zuen karguaren zina. Ekitaldian bertan ziren, Roberto Jimenez bera eta Maria Txibite senataria. Cerdanek esan zuen espero zuela parlamentari gisa «ahalik eta denbora laburrena» izatea, hauteskundeetarako deia maiatzaren 25ean izan dadin. daitezen.