Atzo amaitu zen Nafarroako Parlamentuan oposizioko alderdiek aurrekontuei zuzenketak aurkezteko epea, eta legealdi honetan lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak ez du 2011ko aurrekontuen gaineko PSNren babesa ziurtatuta. Oraingoz, jakina. Izan ere, PSNk zin egin du ez duela Nafarroa Baik, CDNk eta Nafarroako Ezker Batuak aurkeztutako osoko zuzenketarik onartuko. Nahiz eta orain arte akordiorik egin ez, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilariak adierazi du «%100eko aukerak» daudela akordiorako. PSNk, berriz, «eskua luzatuta» duela dio, baina «fitxak mugitzea» gobernuari dagokiola iritzi dio.
Zuzenketak aurkezteko epea amaitu aurretik, herenegun egin zuten azken bilera. Ezadostasun nagusia zerga politikan datza; hots datorren urteko aurrekontuak finantzatzeko diru sarreretan. PSNk UPNri proposatu dio Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan errenta handienen zerga tasa %42tik %44ra handitzea. Mirandaren arabera, kapital etekinen gaineko zerga tasa igotzea ere proposatu diete sozialistek, eta Miguel Sanz lehendakariak irmo uko egin dio aukera horri.
Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren finantzaketa 55 milioi eurotik 61 milioira igotzea eskatu du PSNk; sanferminetarako aurrekontu saila 7,5 milioi eurotik 2 milioira jaistea nahi du, eta Enplegu Planaren aurrekontua handitzea. Museoaren kasuan, diru kopurua jaisteko prest azaldu da UPN.
Akordiorik egon ez arren, jarrerak hurreratu dituzte bi alderdiek. Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak argi utzi du «erantzukizunagatik» ez dutela osoko zuzenketarik babestuko. Hilaren 25ean bozkatuko dute osoko bilkuran. Zatikako zuzenketan, «bakarrik» joango direla dio PSNk, baina Jimenezek azaldu du ez dutela «hauteskunde kutsuko aliantzarik egingo».
Oraingoz itunik ez Nafarroako aurrekontuetan
Osoko zuzenketarik ez duela babestuko zin egin dio PSNk UPNri, eta eskua luzatuta dutela adierazi dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu