Ehunka lagunek Inazio Uria zena gogoratu zuten atzo Azpeitian, Loiola auzoan, ETAk hil zuen tokian. 13:00etan hasi zen bilkura isila, haren omenez eginiko monolitoaren aurrean, eta senideekin batera ordezkaritza politiko zabala elkartu zen. Eusko Jaurlaritzatik Iñaki Arriola eta Rafael Bengoa sailburuak eta Miguel Buen Herrizaingo sailburuordea izan ziren; horiez gain, bertan izan ziren Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea; EAJtik Joseba Egibar GBBko burua, Arantza Tapia Kongresurako diputatu hautatua eta Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi ohia; EAEko PPtik Leopoldo Barreda eusko legebiltzarkidea; EAtik Pello Urizar idazkari nagusi eta Bilduko kidea, eta Rafa Larreina Bilduko zuzendaritzako kide eta Amaiurreko diputatu hautatua, eta Aralarretik Aintzane Ezenarro eusko legebiltzarkidea eta Dani Maeztu alderdiko koordinatzaileordea.
Eduardo Puelles eta Isaias Carrasco ETAk hildako lagunen senideak ere Azpeitiko ekitaldian izan ziren, eta enpresa arloko ordezkariak ere bai: Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusia eta Eduardo Zubiaurre eta Jose Miguel Aierza Adegiko buruak. Ramon Etxezarreta PSE-EEko zinegotzi ohia eta Azpeitiko EAJko hautetsi eta buruzagiak ere han izan ziren, beste hainbat herritarrekin batera.
Hain zuzen, atzo hiru urte bete ziren ETAk Altuna y Uria enpresako arduradunetakoa hil zuela.
Ostegunean deialdiarekin batera hedabideetara igorritako mezuan, Uriaren familiakoek ohartarazi zuten ez zutela euren alboan nahi «atentatu terroristak letra larriz gaitzesten ez dituztenak». Adierazpen horrekin, ezker abertzaleko ordezkariak aipatu nahi izan zituen sendiak. Izan ere, ETAk hildako enpresaburuaren familiarentzat «ez da nahikoa indarkeria errefusatzea; gaitzespenarekin batera joan behar du errefusak, ezker abertzaleak sekula egin ez duena».
Uriaren familiak onartzen du «aro berri bat» hasi dela, baina ohartarazi du bakea ez dela lortzen «amore emanez eta herri honek dituen terrore eta samina ahaztuz». Horregatik, agirian esan zuen ez duela behar «gupidarik eta barkamen eskaerarik», baizik eta «kondena, justizia eta errespetua».
Jarrerak gerturatzeko nahia
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak (Bildu) ez zuen atzo Loiolako ekitaldian parte hartu, baina Uriaren «hilketaren aurkako» adierazpen instituzionala plazaratu zuen.
Etxeberriaren arabera, 2008ko abenduaren 3a «inoiz gertatu behar ez zuena gertatu zen eguna» izan zen. «Berriro ezin da gertatu. Indarkeria ez da bidea. Gorrotoak ezin du tokirik izan Azpeitian», adierazi zuen komunikabideetara igorritako idazkian.
Urizarrek, berriz, kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan, jakinarazi zuen Etxeberria alkateak Uria zena gogoratzeko ekitaldira joateko «borondatea» zuela eta «aurten Uria sendiarengana hurbiltzeko saioa» ere egin duela, «baina ezin izan da bete». «Jarrerak gerturatu» egingo diren itxaropena azaldu zuen Urizarrek, hartara hurrengo urtean «ordezkaritza instituzionala osoa» izateko.
Ordezkaritza zabala izan da Uria gogoratzeko ekitaldian
Azpeitiko alkateak ez du parte hartu, baina hilketaren aurkako adierazpena plazaratu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu