Konponbideari begira

Ortuzar izango da EAJren ordezkaritzako buru Kanboko nazioarteko konferentzian

EH Bilduren izenean joango dira, besteak beste, Arnaldo Otegi eta Bakartxo Ruiz. Ordezkaritza bidaliko du EAEko Ahal Dugu-k ere, baina horien artean ez da izango Lander Martinez idazkari nagusia.

Andoni Ortuzar EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidentea. Artxiboko irudia.
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko maiatzaren 2a
06:53
Entzun

EAJk alderdiko presidente Andoni Ortuzar bidaliko du, ostiralean, Kanbon (Lapurdi) egingo den nazioareko konferentziara. Alderdi jeltzaleko burua izango da EAJren ordezkari, Foro sozialak, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak eta Bake Bideak antolatu duten ekitaldian.

EAJk adierazi duenez, ekitialdi horretan ETAren historia "zurituko" ez denaren bermeak jaso ditu, eta gaineratu du konferentzian ETAren amaiera "egiaztatuko" dela soilik. EAJren esanetan, "Euskadiren historiako orrialderik beltzenen itxieran" egon behar du alderdiak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako "lehen indar gisa". EAJk argitu du "notario" lanetan aritzeko helburuz joango dela Kanbora.

Ortuzarrekin batera, EAJren ordezkaritza osatuko dute Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza Arloko arduradunak, Pako Arizmendi Ipar Buru Batzarreko presidenteak eta Joseba Egibar Gipuzakoa Buru Batzarreko presidenteak. Azken hura gonbidatuen artean dago, "gatazkaren konponbiderako aurreko prozesuetan" parte hartu duelako. Zehazki, Lizarra-Garaziko elkarrizketetan parte hartu izanagatik izan da gonbidatua.

Kanbon izango da EH Bilduko ordezkaritza ere, Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia buru duela. Harekin batera joango dira Maddalen Iriarte eta Adolfo Araiz bozeramaileak eta Bakartxo Ruiz diputatua.

Ordezkaritza bat bidaliko du EAEko Ahal Dugu-k ere. Kanbon izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ahal Dugu-ko bi kide: Eukene Arana zuzendaritzako kidea eta Andeka Larrea komunikazio arduraduna. Lander Martinez idazkari nagusiak ez du ekitaldian parte hartuko. Alderdiak ohartarazi du, hala ere, haien parte hartzea ez dela "kritikarik gabea" izango, eta eskatu diote ETAri aitor dezala eragindako mina.

Ostiralean Kanbon izango dela iragarri du Sare Herritarrak ere, eta nabarmendu bidea ez dela hor amaitzen, "oraindik ere sufrimendua eta eskubideen urraketa dakarten hainbat korapilo ditugu askatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.