Paperik gabe dauden pertsonen osasun arreta trabatzen ari da Osakidetza, LAB sindikatuak gaur salatu duenez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zenbait dekretu eta "zirkular nahasi" bidali ditu osasun etxeetara, Mati Iturralde LABeko kidearen esanetan. Agindu horiek, praktikan, etorkin papergabeen osasun arreta trabatzen dute, LABeko kidearen esanetan, nahiz eta osasun arloko langile gehienek uko egin dioten agindu horiek jarraitzeari.
Adibidea eman du Iturraldek: 2011n zirkular bat bidali zuen Osakidetzak osasun etxeetara; herrialdean bizitzen 90 egun baino gutxiago zeramaten lagunek, erroldatuta egon arren, ezin zutela osasun arreta unibertsalik jaso, eta zerbitzu bakoitzeko zenbat kobratu behar zieten ere zehaztu zuen aginduan. 1988ko Espainiako Gobernuaren dekretu batean oinarritu zen Jaurlaritza.
Gainera, Osasun Sailak baldintza berriak jarri dizkie etorkinei, Iturralderen esanetan: errotuta egotea eta Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan gutxienez urtebetez erroldatua egota eskatuko diete etorkinei, osasun arreta emateko.
Osasun arreta unibertsala, hortaz, desegin egin dela ondorioztatu du LABeko kideak. Patxi Lopez lehendakariari eta Rafael Bengoa Osasun sailburuari leporatu die errealitatearekin bat ez datozen adierazpenak egiten aritzea. "Egia erdiak esaten ari dira", ohartarazi du Iturraldek, Jaurlaritza osasun arloan ere mozketak egiten ari dela nabarmenduz.