Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako informazioaren arabera, Gipuzkoako hainbat ikaslek Mallorcara bidaiatu zuten oporraldia egiteko, unibertsitateko hautaproba egin ondotik. Zehaztu dutenez, gazte gehienak Donostialdeko eta Bidasoa inguruko ikasleak dira, eta horietako batzuk Mallorcan zirela hasi ziren gaitzaren sintomak nabaritzen. Euskal Herrira itzulitakoan diagnostiko probak egin zizkieten ondoezik sentitzen zirenei, eta Osakidetzak 49 kasu positibo zenbatu ditu dagoeneko.
Agerraldia ikusirik, Osasun Sailak COVID-19a atzemateko testak egitera deitu ditu bidaia horietan izandako pertsonak. Aurreikusi dute 250-300 lagun inguruk hartuko dutela parte baheketan. Ikasleek ez ezik, gurasoek ere aukera dute testak egiteko. Donostian ari dira probak egiten; listu bidezkoak dira.