Osakidetzak %58 urritu du osasun pribaturako dirua azken bi urteetan

Osakidetzako zuzendari Julian Perezek esan du langileen lanari esker lortu dutela itxaronaldia ez igotzea

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eriak 51 egunez egon ziren, batez beste, ebakuntza egiteko zain. GORKA RUBIO / ARP.
Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Osakidetzak 9,8 milioi euro ordaindu zizkien erietxe pribatuei 2011n, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxe publikoetako erabiltzaileen itxaronaldia laburtzea lortzeko. 2009an, 23,3 milioi euro erabili zituen enpresa pribatuekin dituzten hitzarmenak betetzeko; 2010ean, 14,3 milioi. Bi urtean, beraz, Osakidetzak %58 murriztu du osasun pribatuari ematen dion diru kopurua. Prentsaurreko batean 2011ko balantzearen berri eman zuen atzo Osakidetzak. Han izan ziren Julian Perez zuzendari nagusia, Eduardo Garate Osasun Arretako zuzendaria eta Enrike Barez Gasteizko Araba Ospitaleko medikuen burua.

Osakidetzak eta osasun pribatuak hitzarmenak sinatzen dituzte herritarrek itxaron beharreko denbora behar baino gehiago ez luzatzeko. Hala, Osakidetzak erietxe pribatuetara bideratzen ditu zenbait gaixo, eta, trukean, ordaindu egiten die erietxe horiei. Iaz, horretarako, bederatzi milioi euro erabili zituzten Bizkaian, 655.000 euro Araban, eta 102.000 euro Gipuzkoan. Osakidetzako zuzendari Julian Perezek dioenez, osasun langileen «eraginkortasun handiagoari» esker lortu dute gastu hori bi urtean erdia baino gehiago murriztea.

Osakidetzak plazaraturiko datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitale publikoetan 1.794.338 pertsona artatu zituzten iaz. Familia medikuek 9,1 milioi kontsulta egin zituzten; pediatrek, 1,6 milioi; horiez gain,milioi batetik gora kontsulta egin zituzten telefono bidezko zerbitzuan. Arreta espezializatuko lehen kontsultak milioi batetik gora herritarrek jaso zituzten, eta telefono bidezko zerbitzua 73.000 inguruk. Perezek azpimarratu du egun 400 eri daudela etxean ospitaleratuta, duela bost urte halako bi. Osakidetzako zuzendariak azaldu duenez, horiei ere telefono bidezko arreta eskaintzen die osagileek. Erietxe publikoetan egin zituzten ebakuntzen datuen berri ere eman zuten prentsaurrekoan: guztira, 130.000 operazio egin zituzten —21.000 larrialdi zerbitzuetan—.

Maiatzetik aurrera, onkologia eta kardiologia ebakuntzen eta kontsulten zain dauden herritarrek gehienez 30 egun itxaron behar izateko modua egin nahi du Osakidetzak. 2011n, batez beste,51 egunez egon ziren gaixoak ebakuntzen zain —2010ean baino hiru egun gehiago—. Eduardo Garate Osasun Arretako zuzendariak esan du alde hori ez dela esanguratsua: «Osakidetzaren helburua itxaronaldia 55 egunetik behera mantentzea da». Horrez gain, mediku espezialisten zerbitzua jasotzeko, 23 egun itxaron behar izan zen iaz, eta probakegiteko, hamabi egun.

Itxarote luzeagoak Nafarroan

Nafarroan, denbora gehiago itxaron behar izaten dute gaixoek. Osasunbideak jakinarazi duenez, ebakuntza egiteko zain zeuden herritarrek 72 egunez itxaron zuten abenduan; arreta espezializatua jaso nahi zutenek, berriz, 29 egunez. Hala eta guztiz ere, Osasunbideak adierazi du datu horiek ez direla errealak eta itxaronaldia gehien luzatzen den hilabetea abendua dela, uztailarekin eta abuztuarekin batera. Gainera, ebakuntza gela batzuk itxi egiten dituzte opor egunetan, eta langileak ez dituzte ordezkatzen hiru egun baino gutxiagoko gaixoaldiengatik. Hori dela eta, Osasunbideak urtarrilean eta otsailean Nafarroako erietxe publikoetako itxaronaldiak txikitzea espero du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.