Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Espainiako Gobernuaren murrizketen aurka agertuko da gaur Madrilen egingo den bileran. Lesbianei eta bikotekiderik gabeko emakumeei ernalkuntza lagundua izateko aukera kendu nahi die PPren gobernuak, eta soilik ernalkuntza arazoak dituzten bikoteei eskaini nahi die zerbitzua.
Gaur bilduko da Espainiako Osasun Sistemaren lurralde arteko batzordea, Ana Mato ministroa barne, eta Espainiako Gobernuak aurreko astean aurreratutako aldaketa aurkeztuko du. Darponek, ordea, aldaketarik ez dutela egingo aurreratu du. "Pertsonen berdintasuna babesten duen osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoan sinesten dugu, eta ez gaude atzerapausoak emateko prest", esan du Darponek. Nafarroako Gobernuak, berriz, bilera amaitu artean ez du adieraziko zein posizio hartuko duen gai honetan.
Osakidetzan ernalkuntza lagundua izateko irizpideak "etikoak" izango direla esan du, eta ez aukera sexual baten araberakoak edo "familiaren kontzeptu murriztu" baten araberakoak.