Osakidetzak «presazkoak ez diren» prozedurak atzeratzea erabaki du

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak baieztatu du Osakidetzako hainbat langilek iragarria zutena. Langile eta leku asko koronabirusak gaixoturikoak artatzeko desbideratu dituzte.

Sagardui, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2021eko apirilaren 26a
09:39
Entzun

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak baieztatu du Osakidetzan «presazkoak ez diren» prozedurak atzeratzea pentsatzen ari direla, ikusita langileak eta oheak desbideratu behar izan dituztela koronabirusak gaixoturikoak artatzeko. Gero baieztatu egin du neurria Osakidetzak.

Herri Irratian mintzatu da sailburua. Azken asteotako kutsadura tasa handia nabarmendu du. «Ikusi beharko dugu datozen egunetan kurbaren zelai batera heltzen garen, baina, oraindik, kutsadura altuegia da», adierazi du. Kutsadura tasa handi horrek «sistema osoari tentsioa eragiten dio, oinarrizko arretatik hasita, kontsulta gehiago daudelako, ZIUetaraino». Iragarri duenez, «ditugun datuekin, pentsatzen ari gara asteburu honetan erietxeraturikoen kopuruarekin litekeena dela lehentasunak ezartzea, eta presazkoa ez dena atzeratzen hastea».

Felix Zubia Donostiako ospitaleko ZIUetako sendagileak asteburu honetan esan duenez, ebakuntza geletako langileekin ari dira hornitzen zainketa intentsiboetako unitatea , eta litekeena dela horren ondorioz programaturiko ebakuntza asko atzeratzea.

Txertoak helduko dira

Aste honetan 68.000 txerto jarri dituztela nabarmendu du sailburuak elkarrizketa berean. Gaur bertan Pfizerren 100.000 txerto helduko direla iragarri du, dosi bakarreko Janssenen 11.800 eta Modernaren 10.300. Halere, «oraindik ere gutxi» direla esan du Sagarduik.

Ez du argitu, ordea, zer gertatuko den AstraZenecaren lehenengo dosia hartuta bigarrenaren zain daudenekin. «Itxaron egin behar dugu gertatzen ari diren kasuak aztertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.