Osakidetzako iruzurraren harira bi ikertuk deklaratuko dute gaur

Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Osakidetzako oposizioen iruzurraren auzian inputatuetako bi gaur deklaratzekoak dira Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegian. Horren harira, Patxi Nicolau ESK sindikatuko bozeramaileak salatu du Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua «klientelismo sarearen konplizea» dela. Izan ere, gogoratu du iazko uztailean idatzi bat bidali zietela Murgari, Juan Luis Diego Osakidetzako zuzendariari eta Maria Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariari, eta jakinarazi «irregulartasunak» atzeman zituztela neurokirurgiako lan eskaintza publikoan. Sindikatuak eskatu zuen, horrenbestez, hori «kautelaz» bertan behera uztea, eta ikerketa bat abiaraztea.

Nicolauren esanetan, ez zieten erantzun; are gehiago, Uriartek sinatutako ebazpen baten bidez, espezialitate horri dagozkion lanpostuak behin-behinean adjudikatzeko «ausardia eta lotsagabekeria» eduki zuten. Beraz, ESK sindikatuak, «behartuta», salaketa jarri zuen azaroaren 25ean. Hain zuzen, Bilboko Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko burua eta Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako burua dira gaur deklaratzekoak.

«Demokratizazio prozesua»

Bi zerbitzuburuak deklaratzera deitzea txalotu egin du ESK-k, uste baitu oposizioen ustezko iruzurrari buruzko ikerketa judizialak ezinbestekoak direla Osakidetzan, «bezero sistema deuseztatzeko». Hori guztia kontuan hartuta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan «birsortze eta demokratizazio prozesu bat» aurrera eramateko «exijitu» dio sindikatuak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

Gaur bi inputatuek deklaratu ondoren, ESK-k «premiazko balorazio bat» egingo du, 10:00etan, Gasteizko Justizia Auzitegiaren aurrean. LABek ere agerraldi bat egingo du, 09:30etan. Herri akusazioa da prozesu judizialean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.