Osakidetzako lan eskaintza euskaraz bizitzeko oztopo gisa hartu du EHEk

Osasun zerbitzuak euskalduntzeko borondate falta egotzi dio Euskal Herrian Euskaraz-ek Bengoari

Osakidetzaren lan eskaintza publikoetan euskarak garrantzi gutxi duela salatzeko EHEren protesta . I. OTEGI / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrian Euskaraz-ek (EHE) gogor kritikatu du Osakidetzak aurreko astean aurkeztu zuen lan eskaintza publikoa. Euskaraz bizi ahal izateko bidean, euskaldunei jarritako harri edo oztopomoduan irudikatu du proposamena Igone Lamarain EHEko kideak. «Lan deialdi guztietan agerian utzi dute zein den euskarari eta administrazioa euskalduntzeari ematen dioten garrantzia». Hala, salatu du 2002tik indarrean zegoen azterketa eredua aldatu dutela 2011ko lan deialdi publikoan, euskara «erabakigarria» gerta ez dadin.

Rafael Bengoa Osasun sailburuak adierazi zuen Osakidetza euskalduntzeko prozesua «azkarregi» zihoala, eta hori arazo bat zela. Baina benetako arazoa Osakidetza euskalduntzeko «borondate falta» dela nabarmendu EHEko kideak. Osasun zerbitzuetako erabiltzaile euskaldunek egindako salaketak jarri ditu horren adibide gisa Lamaraienek.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak 2001etik egindako kritikak ere gogorarazi ditu. Eusko Jaurlaritzaren sail eta zerbitzu publikoen artetik kexa gehien jaso zituena Osasun Saila 2009ko txostenean. Jaurlaritzaren aurkako 153 kexetatik 60 Osakidetzari egindakoak izan ziren. Kexa gehien jaso zutenetatik bigarrena Ertzaintza izan zen, 16rekin.

Euskaldunen hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen euskarari lehentasuna emateko eskatu die Lamarainek euskaldunei. Izan ere, haren ustez, Euskal Herriko administrazioek ez dute horren aldeko pausorik emango. Are gehiago, zenbait kasutan euskalduntzearen bidean administrazioek «harri» edo oztopoak jarriko dituztela nabarmendu du EHEk, eta Osakidetzaren lan eskaintza horren barruan kokatu du.

Dena den, azken hilabetean beste «harri» batzuk egon direla gogorarazi du. B ereduko ikasleak euskara gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria erakustetik salbuesteko proposamena jarri du horren erakusle Lamarainek. «Euskalduntzen ez duen eredua aztertu behar ez izateko dekretua aurkeztuko du Jaurlaritzak orain». Jaurlaritzak berak onartu zuen hizkuntza ereduen sistemak «porrot» egin zuela, EHEko kideak adierazi duenez. Dena den, Hezkuntza Sailak abiarazitako hiru eleko hezkuntza ereduak aurrera egiteko balio beharrean «atzerapausoa» dela uste du Lamarainek.

Euskarabidea, «gidoi bera»

Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendari aldaketarekin berritasun gutxi espero du EHEk. Xabier Azanza kendu eta Maximino Gomez jarri izanarekin, protagonista aldatu, baina antzezlana mantentzen dela uste du EHEk; euskalgintzaren lana «neutralizatu eta desaktibatu» nahi duen antzezlana.

Eragile euskaldunen arreta diru laguntzen inguruan bildu nahi izatea leporatu dio Euskarabideari, eta euskal komunitatearen aurkako hizkuntza politika «etnozida» egitea erraztea Nafarroako Gobernuari. Euskarabidearen bitartez hasieratik egin duten proposamena «zaharkituta» egon dela kritikatu du Nestor Esteban Scaloni EHEko kideak, eta, euskaraz bizi ahal izateko, errotiko aldaketa eskatu du.

Aldaketa hori euskaldunen partetik gertatu behar dela nabarmendu du. «Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duen hizkuntza politika burujabea aldarrikatzea izango da horretarako gakoa». Horren barruan, gizabanako edota talde gisa lan egiteko garrantzia nabarmendu du EHEko kideak: jarrera aktiboagoa hartu, herri eta auzoetan gune euskaldunak indartu, gune berriak sortu, eta abar.

Azkenik, Xabier Azanza Euskarabideko zuzendari ohiaren lana gogor kritikatu du. Kargua onartu zuenean «itxurak egingo zituen txotxongilo gisa» hasi zela gogorarazi dute. Jarrera «euskaltzaleegia» zuelakoan UPNk CDNko Perez-Nievas Hezkuntza kontseilaria bota zuenean ere kargua utzi ez izana leporatu diote. «Duintasun keinu bat ere ez zuen erakutsi, eta zeregin nagusiari eutsi zion».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.