Epaitegira iritsi da Osakidetzako oposizioen auzia. Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak BERRIAri baieztatu dio diligentziak hasi dituela iruzur salaketak ikusita. Oposizioetan zer gertatu den ikertuko du.
ELA sindikatuak bidali zion salaketa fiskal nagusiari. Ohartarazi zion espezialitate batzuetako notetan alde handia dagoela batzuetatik besteetara: oso nota handia dutela hautagai batzuek, eta oso txikia beste batzuek. Kasu batzuetan, gainera, nota handia dutenen kopurua bat dator eskainitako postu kopuruarekin.
Osakidetzak behin eta berriro adierazi du ez dagoela "frogarik" irregulartasunak izan direla esateko. Sindikatuen “oportunismoa” salatu zuen hasieran, baina mugimenduak egin ditu gerora; besteak beste, lau espezialitatetako prozedura eten du, eta iragarri du azterketa guztien emaitzak aztertzeko eskatuko diola aditu bati. Sindikatuek hamahiru espezialitateren susmoa dute.
Azterketen emaitzetan dauden diferentzia adierazgarriekin batera, kiniela bat da orain arteko zantzu nagusia: anestesiologiako lanpostuak nortzuek eskuratuko zituzten asmatu zuten probak egin baino lehen. Notario aurrean sinatu zuten agiri bana ESK sindikatuak eta Elkarrekin Podemosek. Hain justu ere, ESK-k eta LABek ere agertua dute fiskaltzan salaketak jartzeko asmoa. Litekeena da, beraz, salaketa guztiak batean biltzea Adan fiskalak.
EAEko Arartekoak ere ikerketa hasia du Osakidetzak egoki jokatu ote duen argitzeko.
Kasua haizatu zuten hiru medikuk gutun bat kaleratu dute, eta jakinarazi dute presioak jasaten ari direla. Azterketen edukia filtratu egin zieten mediku batzuei, orain arteko zantzu guztien arabera. Are, salatzaileen arabera, urteetan egin dute hori. Hori salatu zuten mediku batzuek joan den astean BERRIAn: “Gauza jakina da: arduradunek erabakitzen dute postuak nori eman”. Bada, orain jakinarazi dutenez, presio egiten ari dira lankide batzuk, postua lortzeko beren txanda dela uste duten sendagileak: “Egokitu egiten zitzaiela pentsatzen zuten, eta beren buruak posturik gabe ikustean, agresibitate guztia gure kontra jarri dute”. Osakidetzako arduradunen jokabidearekin kritiko mintzatu dira.
Arazo gehiago agertu dira oposizioetan. Ospitale pediatriakoaren zati bat bertan behera utzi dute, kasu kliniko hori oraintsu kongresu batean azaldu duelako epaimahaiko kide batek. Sindikatuek ez zuten irregulartasunik sumatu.