Osakidetzan 126.000 herritar baino gehiago daude kanpo kontsulta baten zain

Itxaron zerrenda luzeenak traumatologian, oftalmologian eta ginekologian daude. Uztailetik azarora, Osakidetzak 1.282 ebakuntza bideratu ditu sare pribatura.

Errenteriako osasun zentroa, Gipuzkoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Errenteriako osasun zentroa, Gipuzkoan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko abenduaren 26a
05:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak Osakidetzako itxaron zerrendak pandemia aurreko egoerara bueltatzeko konpromisoa hartua duen arren, datuek erakusten dute nekez ari dela hitzemandakoa betetzen. Kanpo kontsultetan artatuak izateko, ebakuntzetarako edota proba medikoak egiteko dauden itxaron zerrendei buruzko datuak eman berri ditu Osasun Sailak, EH Bilduk eskatuta, eta horra ondorioetako bat: pandemiaz geroztik handitu egin da kanpo kontsultarako zein proba diagnostiko baterako itxaron zerrenda.126.386 pertsona daude gaur kanpo kontsulta baterako zain; joan den urtean 112.153 ziren, eta, pandemia aurretik, 2019an, 95.725. Proba diagnostiko bat egiteko, berriz, 52.178 pertsona daude itxaroten; duela lau urte 27.746 ziren.

Espezialitateetara begira, ilara luzeenak alor jakin batzuetan daude. Traumatologoarekin kontsulta bat izateko zain daude 26.414 pertsona inguru —iaz garai honetan 19.000 ziren—. Oftalmologia da hurrena: 16.043 daude zain —iaz baino 3.000 lagun gehiago—. Hirugarren koskan, ginekologian 8.849 gaixo daude zain —iaz 9.900 ziren—.

Espezialista batekin egoteko batez besteko itxaronaldiak ere gora egin du, nabarmen. Urte hasieran batez besteko itxaronaldia 75 egunekoa zen, eta orain 80 egunetik gorakoa da; hau da, ia hiru hilabetekoa. Baina badira are luzeagoak diren itxaron zerrendak ere. Esaterako, Bilboko Santa Marina ospitaleko errehabilitazio unitatean batez besteko itxaronaldia sei hilabetekoa da, eta beste horrenbeste Barakaldoko eta Sestaoko traumatologia, Debagoieneko erietxeko kardiologia eta Basurtu ospitaleko proba baskularren ataletan.

Lehen arretako datuei dagokienez, Osasun Sailak dio batez besteko itxaronaldia 48 ordutik beherakoa dela, eta osasun zentro guztietan egunean bertan artatzen dituztela premiazko arreta izanik hala eskatzen duten gaixoak. Nolanahi ere, batezbesteko horren gainetik dituzte itxaron zerrendak hainbat ESI erakunde sanitario integratuetako osasun zentrotan. Esaterako, Gipuzkoan, Errenteriako Iztieta auzoko osasun zentroan, batez beste, zortzi egun itxaron behar da familia medikuarekin ordua hartzeko, eta Beraun auzoko zentroan, berriz, sei egun pediatrarekin egoteko.

Pribatura bideratzen dira

Ebakuntza baten zain dauden gaixo kopurua, berriz, oso gutxi apaldu da urte erdian: 23.157 paziente daude itxaron zerrendan, udan baino 2.000 inguru gutxiago, eta duela urtebete zeudenen pareko. Ebakuntza programatu eta urgenteetarako batez besteko itxaronaldia 60,47 egunekoa da —duela sei hilabete 68 egunekoa zen—.

Ebakuntzetako gehienezko itxaron zerrendak arautzen dituen 65/2006 dekretua indarrean du Osakidetzak, eta, horren arabera, gehienez 180 eguneko itxaronaldia izan behar dute premiazkoak ez diren ebakuntzek, 90 egun bihotzeko ebakuntzek, eta 30 egun onkologikoek. Osasun Sailak emandako datuen arabera, baina, egun espezialitate ugaritan dago sei hilabete baino gehiago itxaron behar duen jendea, ebakuntza egin ahal izateko. EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak BERRIAri azaldu dionez, berak argi du horrek guztiak ondorio zuzena duela: «Osakidetzak sare pribatura bideratzen ditu gaixoak, eta autokontzertaziora jotzen du».

26.414

Traumatologiako itxaron zerrendan dauden pazienteak. Espezialitate jakin batzuetan daude itxaron zerrendarik luzeenak: traumatologian, oftamologian eta ginekologian. Espezialista batekin egoteko batez besteko itxaronaldia 80 egunekoa da; urte hasieran 75 egunekoa zen.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak berak aitortu izan du arlo publikotik pribatura bideratzen dituztela pazienteak, itxaron zerrendak arintzeko, eta beharbada azkenaldian gora egin dutela bideratzeek, baina Osakidetzak betidanik erabili duela «erreminta» hori. Uberak ziurtatu du bideratze horiek indartu egin dituela Osasun Sailak azkenaldian, eta, gainera, autokonzentrazioaren sistema asko zabaltzen ari dela: alegia, medikuek beren ordutegietatik kanpo ebakuntzak egiten dituzte, eta, gero, ebakuntza hori zerbitzu mediko gisa kobratzen diote Osasun Sailari.

Osasun Sailak emandako datuen arabera, uztailetik azarora Osakidetzak 1.282 ebakuntza bideratu zituen sare pribatura, 2,4 milioi euroren kostuarekin. Gipuzkoako datuak dira esanguratsuenak: 651 ebakuntza bideratu zituen Gipuzkoako Poliklinikara eta Mutualiara uztailetik azarora, 2021. eta 2022. urteetan bideratu zituen gaixo kopurua halako hiru. Ebakuntzak egitearen truke, Osakidetzak 1,2 milioi euro baino gehiago ordaindu dizkie erietxe pribatu horiei.

Pribatuan, «ganadua» bezala

Azken hilabeteotan pazienteak sare pribatura bideratzea «asko» zabaldu dela baieztatu dio kazeta honi Mariaje Alfonso Bidasoa ospitaleko ebakuntza geletako erizainak. «Patologia bat ospitale pribatu bati saltzen diote, beste bat beste ospitale bati... Den-dena ari dira saltzen», salatu du. Alfonsoren ustez, osasun publikoa pribatizatzeko asmo argia dago bideratze horien atzean, eta horrek pazientearen artan «ondorio kaltegarriak» ditu.

Bidasoa ospitalean oftalmologiako gaixoekin gertatzen ari dena jarri du adibide gisara. Kontatu duenez, katarata ebakuntzaren zain dauden «paziente sortak» pribatura bidaltzen dituzte: 60 bat pertsona bilera batera deitzen dituzte ebakuntzaren inguruko informazioa emateko, denak egun berean eta ordu berean, eta denei batera ematen dizkiete azalpenak. «Adinekoak dira gehienak, eta askok ez dituzte azalpenak ongi ulertzen», azaldu du. Behin ebakuntza egin eta etxera bidaltzen dituztenean, jarraipen pertsonalizaturik ez diete egiten, eta pazienteak «galduta» eta «nahasita» egoten dira berriz ikusteko ordua non hartu behar duten jakin gabe. «Ganadua bezala tratatzen dituzte», gaineratu du erizainak, haserre.

«Patologia bat ospitale pribatu bati saltzen diote, beste bat beste bati... Den-dena ari dira saltzen. Pazienteak ganadua bezala tratatzen dituzte».

 MARIAJE ALONSO Bidasoa ospitaleko erizaina

Pazienteak sare pribatura bideratzea ez da Osakidetzak itxaron zerrendak apaltzeko erabiltzen duen bide bakarra. Bere datuak «makillatzeko» Osakidetzak darabilen beste praktika batez ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak: Osakidetzak bi itxaron zerrenda mota erabiltzen ditu, A eta B. Lehenengoan, Osakidetzaren barne antolaketagatik edo arrazoiengatik itxaron zerrendan dauden paziente kopurua ageri da; datu horiek dira Osasun Sailak ofizialki ematen dituenak. B zerrendan, berriz, egiturazko arrazoiengatik ordua jaso zain dauden pazienteak sartzen dituzte —adibidez, hainbat arrazoi tarteko, uko egiten diotenak Osakidetzak emandako egunean kontsultara joateari—. B zerrenda horretan dauden pazienteak beste egun baterako deitzen badituzte ere, Osasun Sailak ez ditu kontuan hartzen itxaron zerrendei buruzko datu ofizialak ematen dituenean. Era horretan, itxaron zerrendei buruzko datu ofizialak «benetazkoak baino apalagoak dira», Uberak salatu duenez.

Osakidetza itxaron zerrenda web
Osakidetza itxaron zerrenda web

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.