Debagoienako osasun zentro guztietan euskarazko arreta lehenesteko kanpaina abiatu dute Osakidetzak, bailarako udal nahiz eragileek, ‘Nik euskaraz nahi dut Osakidetzan’ lelopean. Osasun arreta euskaraz izatea sustatu nahi dute hala. Hori horrela, herritar orok izango du aukera arreta euskaraz jasotzeko, eta hala erakutsiko du haren osasun fitxak ere, nahi hori adierazi ezkero. “Aukera dagoen guztietan” behintzat, pazienteari osasun langile euskal hiztuna esleitzeko konpromisoa hartu du Osakidetzak.
Hiru aukera izango dute herritarrek hizkuntza aukeraketa egiteko: osasun zentroan eskatuta, familia-medikuari edo erizainari kontsultan bertan adierazita, edota internet bidez, norbere Osasun Karpetan sartuta.
“Osasun arretaren kalitatea hobetzeko balioko digun tresna da hizkuntza”, adierazi du Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariak. Eta, hain zuzen, euskarak “zubi” gisa jardutea nahi dute “erronka” horretan. Ildo beretik egin ditu adierazpenak Andoni Arcelay Debagoienako ESI-ko zuzendariak. Arcelayren hitzetan, “mugarri garrantzitsua” da kanpaina:“Gure ingurunearen errealitatea eskura izateko aukera eskaintzen digu: erabiltzaileek oso erraz adierazi dezaketelako zein hizkuntzari lehentasuna eman, eta horri esker, guk horren berri zuzenean izan dezakegulako”.
Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eskualdeko udalen izenean hitz egin du. Adierazi duenez, “ibilbidea oraindik luzea da” eta “pausoak emateko daude”. Hala ere, kanpaina martxan jarri izana “aurrerapauso bat” dela nabarmendu du. Kanpaina ahalik eta herritar gehienei zabaldu asmoz, hamar mila esku-orri banatuko dituzte eskualdean. Bideo bat ere kaleratuko dute, eskaria nola egin azaltzeko.
Kanpaina hedatzea xede
Debagoienan ez ezik, kanpaina Osakidetzaren sare guztietara hedatzea da helburua, Armentiaren arabera. Hori hala, maiatza-ekaina inguruan gainontzeko osasun zentro guztietara zabaltzea espero dute.