OSAKIDETZAREN AUZIA

Osakidetzaren zuzendaritza ohia «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delituagatik auzipetzeko eskatu du LABek

Osakidetzako lan eskaintza publikoaren iruzurraren auzian inputatuetako bik deklaratu dute.

Jon Darpon Osasun saiburua iazko otsailean, dimititu baino pare bat aste leheneago. LUIS JUREGIALTZO / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko ekainaren 9a
12:37
Entzun

LAB herri akusazioa da Osakidetzak 2016-2017an egindako LEP lan eskaintza publikoaren iruzurraren auzian, eta eskatu du orduan instituzioko zuzendaritzako kideak zirenak auzipetuak izan daitezela «asmo bidegabeetarako elkartzearen» delituagatik. Izenak eta abizenak eman ditu sindikatuak, eta bosteko zerrenda horretan dago Jon Darpon, 2012 eta 2019 artean Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan zena. LEParekin loturiko iruzurraren auzia dela-eta, dimisioa eman zuen iazko martxoan; haren esanetan, «oposizioak» behartuta. Maria Jesus Mugika (Osakidetzako zuzendari nagusi ohia), Juan Carlos Soto (Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari ohia), Xabier Balerdi (Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendariorde izandakoa) eta Andoni Alzelai (Osakidetzako Osasun Arretarako zuzendaria) ere delitu beragatik «formalki» inputatu ditzala eskatu du LABek.

Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegian deklaratu dute, gaur, Ana Jesus Zulueta epailearen aurrean, iruzurraren auzian inputatuetako bik: Bilboko Basurtuko ospitaleko neurokirurgia zerbitzuko buruak (Jose Antonio Elexpuru), eta Arabako osasun sistema publikoko neurofisiologiako buruak (Eduvigis Alvarez). Osakidetzako mediku espezialisten probetan egindako iruzurragatik beste hiru inputatu daude: Jose Luis Cabriada (digestio aparatua), Maria Reyes Vega (angiologia) eta Cesar Augusto Valero (anestesia). Iazko maiatzean deklaratu zuten.

Sasoi hartan Osakidetzako buruak zirenak ere inputatu ditzatela eskatu du LABek: «Administrazioko goi karguak izatearen babesarekin aritu ziren. LEPa zuzentzearen arduradunak ziren, eta asmatu, diseinatu eta praktikara eraman zuten estrategia eraginkor bat klientelismo sare bat bermatu eta mantendu ahal izateko», nabarmendu du sindikatuak, ohar batean. Horregatik nahi du «asmo bidegabeetarako elkartzeagatik» auzipetu ditzatela. Esate baterako, besteak beste delitu horrengatik zigortu zituzten De Miguel auziko auzipetuetako batzuk.

Gasteizko epaitegiaren aurrean adierazpenak egin ditu LABeko Gorka Berasategik, eta adierazi du sasoi hartan Osakidetzako buruak zirenak auzipetuz «jauzi kualitatibo bat» egin nahi dutela —deklaratu dutenak sekretuak jakinarazteagatik ari dira ikertuak izaten—. Berasategiren arabera, Osakidetzako zuzendaritza ohiak «gobernabide erraz bat» ziurtatu nahi zuen. «Aurretiazko isiltasuna erosita, edozein neurri ezarri ahal izango zuen; tartean, murrizketak». Sindikatuko abokatu Iñigo Santxok ere agerraldian parte hartu du, eta eskatu du ikerketa ez dadila «izozmendiaren muturrean» geratu. «Erantzukizunak argitu daitezela».

Azaldu du HAEE Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak duela LEPetarako azterketak prestatzeko ardura, eta Osakidetzako zuzendaritzak erakundea «erabili» zuela, erabaki baitzuen zeintzuk izango ziren epaimahaietako kideak. Gainera, LABeko abokatuaren hitzetan, zerrenda «itxi bat» bat igorri zion HAEEri, hauta zezan zeinek idatziko zuten azterketa teorikoa. Horrenbestez, Osakidetzaren zuzendaritzak LEPen «erabateko kontrola» zuen. «Delitu sare bat eratu zuten erabateko kontrola eta lanpostuen aurreikusitako izendapena bermatzeko». Sindikatuko abokatuarentzat, kudeaketa molde horren «gunean» zeuden Darpon eta Osakidetzako beste goi agintariak.

Gogoratu du asmo bidegabeetarako elkartzearen delitua gauzatua izan dadin hiru baldintza bete behar direla. Batetik, hiru pertsonak edo gehiagok parte hartzea; bestetik, denboran irautea; eta, azkenik, helburua delitua egitea izatea. Bide batez, 30 diligentzia egin ditzala eskatuko dio LABek epaitegiari, baita prozesua «indartzeko» neurriak har ditzala ere, diligentzia horiek guztiak legezko epeen barruan egin daitezen.

«Egiturazkoa»

ESK sindikatua ere herri akusazio gisa pertsonatu da, eta LABen eskaerarekin bat egin du. Patxi Nicolau bozeramaileak epaitegiaren kanpoaldean esan duenez, plazak modu «iruzurrezkoan» izendatzeko «egiturazko sistema bat» dauka Osakidetzak. Hain zuzen, ESK izan zen neurokirurgiako eta neurofisiologiako azterketak ikertzea planteatu zuena. Nicolauk atzo azpimarratu zuenez, Nekane Murgari adierazi zioten, iazko uztailean, «irregulartasunak» atzeman zituztela bi espezialitate horietako lan eskaintza publikoan, baina Jaurlaritzako Osasun sailburuak ez zien «erantzun» ere egin. Horregatik, «klientelismo sarearen konplizea» izatea egotzi diote Murgari. Osakidetzaren «birsortze eta demokratizazio prozesu bat» aurrera eraman dezala «exijitu» dio sindikatuak Iñigo Urkullu lehendakariari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.