Osaldek dio botikak aurretik erosita gutxitu dela gastua

Jaurlaritzak oraindik ere ez du auzitara jo botikak bitan pagatzeko sistema jarri beharrik ez izateko; beste bide bat du prest

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Botiketan gastua jaitsi egin delako, pozik agertu dira Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, baina ez dira ados jarri Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbakietan —Madrilen arabera, Jaurlaritzak iaz baino 1,2 milioi euro gehiago gastatu du aurtengo uztailean, berrordainketa ez duelako ezarri; Gasteizek, ordea, erantzun du 2,4 milioi aurreztu dituela—. Osalde osasun publikoaren aldeko elkarteen federazioak azaldu du sendagaietan gastua arrazoi batengatik jaitsi dela: birpagatzea uztailaren 1ean jarri zutenez abian —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan ezik—, gaixoek lehenago erosi zituztela «ahal zituzten sendagai gehienak».

Datu «triunfalistak» ematea egotzi die Osaldek erakundeei. Herenegun, Espainiako Osasun Ministerioak adierazi zuen berrordainketarekin zituen bi helburuak bete zituela: erkidego guztien artean, %24 jaitsi da gastua aurtengo uztailean, aurreko urtekoarekin alderatuta, eta errezetak ere gutxiago eman dituzte. Nafarroako datuak eman ditu ministerioak: 33.674 errezeta gutxiago egin dituzte uztailean —%3,6ko jaitsiera da hori—, eta 2,2 milioi aurreztu —%18,7ko jaitsiera gastuan—. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuekin gorabeherak daude: Madrilen arabera, 200.000 errezeta gehiago egin dituzte, eta 1,2 milioi handitu da gastua; Jaurlaritzak jakinarazi du 156.000 errezeta gehiago egin dituztela baina 2,4 milioi gutxiago gastatu dituztela.

Uztaileko datuei ez, ekainekoei erreparatzeko eskatu du Osaldek; ohartarazi du erkidego guztiak aintzat hartuta igo egin zela gastua. Salbuespena dira Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa, baina nabari dira aldeak. Nafarroan %18,7 jaitsi da gastua uztailean; ekainean, %3 soilik —aurreko hiletan askoz ere handiagoa izan zen jaitsiera—. EAEn, aldiz, kontrakoa: %10,2 jaitsi zen gastua ekainean, eta uztailean, %5,43.

Gastua, herritarren bizkar

Datuak aztertzean kontuz jokatzeko eskatu du Osaldek. Errezeten kopuruaren jaitsiera baino askoz handiagoa da gastuarena. «Gastua ez da jaitsi; kontua da herritarren bizkar utzi dela». Pentsiodunak ordaintzen hasi dira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, oraindik ez dute martxan jarri berrordainketa, baina ikusteko dago zer gertatuko den: sistema horren aurka Jaurlaritzak onartutako dekretuaren aurka auzitara jo du Madrilek, eta salaketa onartu egin du auzitegiak. Horrenbestez, gaur-gaurkoz, bertan behera utzita dago dekretu hori.

Bertan behera uztearen aurka helegitea jarriko duela esan eta esan ari da Jaurlaritza azken asteetan. Ez du jarri oraindik. Idoia Mendia eledunak atzo iragarri zuen bide horrek fruiturik ez balu emango ere beste bide bat prest dutela: Gizarte Gaietarako Sailaren bidez laguntzak bideratuko lituzkete, gastuari aurre egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.