Osasun eskubidea urratzen zaien aldiro kexa aurkeztera animatu dituzte Aiaraldeko herritarrak

Osasun publiko «duina» aldarrikatzeko kanpaina abiatu dute hainbat herritarrek. Osasun zentroetan maiz medikurik ez dutela salatu dute.

Aiaraldeko osasun arta
Laudioko osasun zentroan erreklamazioak egin dituzte gaur hainbat herritarrek. BERRIA
Edurne Begiristain.
2024ko apirilaren 10a
16:45
Entzun

Aiaraldea eskualdeko (Araba) herritarrak gogaituta daude. Eskualdean diren osasun etxeetan eta larrialdi zerbitzuetan sarritan falta dituzte medikuak, eta beste herri batzuetara bideratzen dituzte pazienteak. Kexu agertu dira maiz herritarrak, eta manifestazio jendetsuak egin dituzte osasun arta egokia aldarrikatzeko. Baina orain arte Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du urratsik egin. Horixe salatu dute gaur Laudioko osasun zentroaren atarian bildu diren ehunka lagunek.

Jakinarazi dute kanpaina bat abiatuko dutela osasun sistemaren egoera salatzeko. Kanpainarekin herritarrak animatu nahi dituzte osasun eskubideak urratzen zaizkien aldiro erreklamazioa aurkeztera. Osasun publikoaren murrizketekin herritarrak «kezkatuta eta haserre» daudela jasota gera dadin nahi dute hala, eta, erreklamazio horiekin, osasun publikoak eskualdean duen egoeraren argazki osoa atera nahi dute gero. Kexa horiek bidaltzeko helbide elektroniko bat eta telefono bat martxan jarri dituzte.

«Bizi dugun egoerarekin kezkatuta eta haserre gaude; batez ere osasun zerbitzuetako arduradunek herritarrekiko agertzen duten errespetu faltarekin», adierazi dute agerraldian. Besteak beste, salatu dute Laudioko eta Amurrioko osasun zentroetan eta larrialdi zerbitzuetan familia mediku eta pediatra nahikorik ez dela. Esaterako, joan den martxoaren 27an eta 31n eta apirilaren 1ean ez zen medikurik egon Amurrioko osasun etxean, eta, hango pazienteak Laudioko osasun zentrora bideratu zituztenez, itxaronaldiak bi ordukoak ere izan ziren. Laudioko EAG etengabeko arreta gunea, berriz, medikurik gabe egon zen apirilaren 5ean eta 7an. Gainera, Aiaraldeko herritarrak kexu dira Usansoloko ospitalera joateko garraio publiko eskasa dutelako —hori dute erreferentziazko ospitalea—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.