Botiken berrordainketa ezarrita eta paperik ez duten etorkinei osasun arreta kenduta, erietxeetako langileen soldatetan sartuko du orain eskua Espainiako Gobernuak. Osasun Ministerioak jakinarazi du aztertzen ari dela lansariak kalkulatzeko sistema aldatzea; uste du «egungo egoeran» ez dela egokia oraingo modua. Soldatak murrizteko asmorik ez du aipatu, oraingoz, Ana Mato ministroak; gastuan «eraginkortasuna» lortu beharraz mintzatu da, eta beharginen motibazioa lortzeaz. Bilera izan zuen ministroak atzo hainbat autonomia erkidegotako Osasun sailburuekin —Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez zuten ordezkaririk igorri—, eta han aztertu zuten gaia. Hainbat proposamen jarri zituzten mahai gainean; besteak beste, langileek autonomia handiagoa izatea.
Eusko Jaurlaritzak ohar bat kaleratu zuen atzo, Andaluziako, Kanaria Uharteetako eta Asturiasko gobernuekin batera. Madrilgo gobernuak osasunaren alorrean hartutako neurriak txartzat jo dituzte agiri horretan, «oinarrizko eskubideak» urratu dituelakoan. Salatu dute «atzeranzko neurriak» hartu dituela PPk, «asegurudunen sistema» delakoan ezarri duena. Atzoko bileran parte hartzeari uko egin bazioten ere, Espainiako Gobernuari negoziatzeko deia egin diote lau gobernuek.
Osasun langileen soldata beste era batera kalkulatu asmo du PPren gobernuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu