OSASUN SISTEMA PUBLIKOA. KRISIAREN ERAGINAK. Osasun arloa, larrialdietan

Murrizketak eta murrizketa hotsak, ez da besterik Euskal Herriko osasun sistema publikoan. Protestan hasiak dira langileak, egoera jasanezina dela salatzeko; «gutxienekoetan» ari direla diote. Osakidetzaren arabera, ordea, egoera ez da hain makurra. Bitartean, etengabe handitzen ari dira itxarote zerrendak. Eta hemen da negua, ate-joka.

Garikoitz Goikoetxea.
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Ezinegona, urduritasuna eta haserrea. Sintoma horiek ditu Euskal Herriko osasun sistemak. Murrizketen sukarrak hartu du bete-betean, eta langileen salaketak etengabeak dira. Haien arabera, «gutxienekoetan» ari dira lanean, eta beharrizan guztiei erantzuteko ezintasun handiak dituzte. ELA sindikatuak egin du ohartarazpena, larria: «Kolapsoa gerta daiteke». Ate-joka da negua, eta litekeena da ospitaleetako kontsulta kopurua handitzea. Eta, erakundeen iragarpenak ikusirik, litekeena da langile kopurua ez handitzea, ez bada murriztea.

Austeritate plan zorrotzak egiten ari dira Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, krisi ekonomikoak erasanda. Osasun sistema publikoak ere jasaten du murrizketen eragina. Martxoan jo zuten alarma Nafarroan: horretarako dirua agortuta zegoela argudiatuta, ordezkatze kontratu guztiak eten egin zituen Sanzen gobernuak. Azkenean, harrabots politikoak eta langileen protestek eraginda, atzera egin zuen, eta beste diru sail batzuetako aurrekontuarekin ari da ordezkapenak egiten. Baina ez gehiegi ere, ezinbestekoak soilik. «Orain ez dute hasieran bezala jokatzen, baina arazoak badaude. Ordezkapenak egiteko irizpideek mugatuta segitzen dute; orain egiten ez dutena da baimenak eta horrelakoak ukatzea». LABeko ordezkari Txomin Gonzalezek egin du Nafarroako egoeraren azterketa.

Urte berriarekin hasi da murrizketak egiten Eusko Jaurlaritza. Gastua gutxitzeko asmoz, agindu zorrotza eman du: ez dira egingo sei hilabetetik beherako ordezkapenak eta lana handitzeagatiko kontratuak. Osakidetza ere hartzen ote duen arau horrek, zalantza. ELA sindikatuko eledun Mirari Irurek salatu du arduradunei birritan egin dietela galdera, ea Osakidetzak ere bere egina duen Jaurlaritzaren agindua. Ez dute erantzunik jaso. «Hala, gure kabuz egiaztatu dugu gertatzen ari dena, eta ohartu gara baietz, egia dela: ahal duten gutxien ari dira ordezkatzen, baimenak ukatu egiten dituzte, postuak kentzen ari dira...».

Ezetz dio Esteban Ruizek, Osakidetzako giza baliabideetako zuzendariak: «Arau orokor hori ez da aplikagarria Osakidetzan. Bistakoa da: osasun etxeetan langile asko egoten dira bakarrik, edo, kasurik onenean, binaka; horiek ez daitezke utzi ordezkatu gabe. Badago eskaria, gaixoak zain daude». Haren esanetan, langileria gastuari eusten ari zaio Osakidetza, soldatak jaitsita ere. Hortaz, ez dago langile gutxiago? «Aurten ez daudenak dira iaz A/H1N1 gripeagatik egondako langileak, eta langileen fidelizazio prozesuak ere ez daude».

Denbora luzea daramate protestan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ospitaleek ez dute dirurik ordezkapenak egiteko, eta grebak egin dituzte erietxeetako langileek.

Baliabideak gutxitzen...

Ez da oraingo kontua: sindikatuak aspaldiko urteetan ari dira salatzen osasun sistemak ez duela behar adina baliabide. «Orain, krisia aitzakiatzat erabili dute eskarien aurka doazen neurriak hartzeko», dio Irurek. Erroko arazo bat ikusten dute sindikatuek: gobernuek ez dute behar beste inbertitzen osasun arlo publikora. «Europako herrialde garatuetako batez bestekoaren azpitik gaude. Oraingo aurrekontuaren erdia gehitu beharko litzateke».

Egoera ez dela atsegina onartu du Ruizek. Badagoela ezinegona, urduri daudela langileak. «Nabaritzen da hori». Datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, osasun alorreko langileen erdiek dituzte lanari lotutako estresaren sintomak. Ruizi ulergarri zaizkio zenbait kasu: «Behin-behineko langile batzuei kontratu laburragoak egin zaizkie, eta ulertzekoa da ezerosoago egotea». Lan taldearen %27 behin-behinekoa da Osakidetzan; %44, Osasunbidean.

Osasun etxe hainbat larunbatetan ixtea izan da krisi garaian hartutako erabaki esanguratsuenetakoa. Sanzen gobernuak apirilean egin zuen: lehen arretako osasun zerbitzua hiru zentrok ematen dute ordutik -lehen, 19tan ematen zuten-. Lopezen gobernuak ekainean hartu zuen bide bera: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 zentrok ematen dute zerbitzu hori, lehen 103 zentrok.

«Hartu beharreko erabakia zen», esan du Ruizek. Jaurlaritzaren esanetan, egoera ez zen bideragarria, eta neurria hartzea ezinbestekoa zen. Zeresan handia eragin du erabakiak, eta aurka azaldu dira etengabeko arretako langileak. «Badakigu langile batzuen baldintzak okertu direla, eta mahai gainean jarri ditugu egoera hobetzeko bi proposamen». Osakidetzako eledunak esan du negoziazioak izan direla eta Arabako eta Gipuzkoako langileekin badela akordiorako oinarri bat.

Bizkaiko langileak ez daude ados, eta protestarako deia egin dute. Hilaren 13an hasita, 12 egunetan greba egingo dute: bederatzi azaroan, eta hiru abenduan.

...Itxarote zerrendak handitzen

Eta murrizteen ondorioak jasaten hasi dira herritarrak? Ez, Jaurlaritzaren arabera: osasun etxe hainbat itxita ere, larrialdietan ez dago lan gehiago, langile kopurua bera da, eta ez dago kolapso arriskurik. Hori dio Ruizek.

Sindikatuentzat, ordea, atzerapausoak gertatu dira, etengabeko arretako zentroak berrantolatzeko erabakiarekin batera. Haien esanetan, ospitaleetara jotzen du jendeak. Hala dio Gonzalezek, Nafarroako egoeraz: «Kexa asko izaten ari da larrialdietan, lan kargagatik eta ezin delako guztia artatu. Sistema horrek funtzionatzen ez duenaren adierazgarri da herritarrek azkenean larrialdietara edo zerbitzu espezializatuetara jotzen dutela». Osakidetzaren datuek diote ez dela hori gertatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Ospitaleetara joaten direnek ere ez dute egoera samurragoa aurkituko. LABeko ordezkariak dio gutxitu egin dutela erietxeetako zerbitzua, batez ere uda baliatuta. ELAko eledunak berretsi du «gutxienekoetan» daudela ospitaleetako langileak, ordezkapen asko egiten ez dituztela eta. Gurutzetako ospitalean (Bizkaia), kasurako, asteazkenero protesta egiten hasi dira, sindikatu guztiek deialdi bateratua eginda, egoera salatzeko. Salatu dute «greba egunetan baino langile gutxiago» daudela hainbat zerbitzutan. Beste erietxe batzuetan ere hasiak dira protesta egiten.

Etengabeko arretan zentro gutxiago, eta langileak urri ospitaleetan. Ondorio argia atera du Gonzalezek: «Ez dutenez arazoa konpontzen lehen arretan, murrizketak egin dituztelako, zerbitzu espezializatura jotzen du jendeak, eta horrek eragiten du itxarote zerrendak handitzea». Azken hilabeteetan, asko handitu da itxarote zerrendetan dauden erien kopurua. Datuek diote: Nafarroan, adibidez, kontsultetarako zerrendak %29 handitu dira uda ondoan, 22.000 pertsona baino gehiago daude zain; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 91.541 pertsona zeuden espezialistaren kontsultaren zain irail amaieran, eta 15.584, ebakuntza baten esperoan. Zain egoteko egunak ere gero eta gehiago dira.

Gonzalezek uste du udan jarduna geratzearen ondorio dela egoera: «Oporretan dauden langileen ordezkapenak ez egiteko, itxi egin dituzte hainbat ohe eta sail. Jarduna udazkenerako utzi dute, eta izugarri handitu dira itxarote zerrendak». Kezkatuta dago, Eguberri bueltan ere gauza bera gertatuko ote den. ELAko ordezkari Mirari Irurek ere uste du murrizketen ondorio dela: «Sisteman diru gutxiago dago, eta kudeaketa arrazoiak ere kontuan izan behar dira». Tentuz hitz egin nahi du Osakidetzako ordezkariak: «Egoera aldakorra da espezialitatearen eta ospitalearen arabera. Badirudi jende gehiago dagoela zain, baina hori ez da langile gutxiago dagoelako». Ruizek dio urte amaierako datuak aztertu behar direla. Hala ere, Osakidetza aztertzen hasia da itxarote zerrendak murrizteko moduaren bila.

Irtenbidea: sektore pribatua

Itxarote zerrendei aurre egiteko aterabide ohikoa izan ohi da gaixoak erietxe pribatuetara bideratzea, edo ordu estrak sarraraztea medikuei. Nafarroan, kasu, arratsaldez ere hasi dira kontsultak ematen. Bide pribatura jotzea ez da egokia, sindikatuen arabera: gaurko ogia, biharko gosea. «Hau ez da une bateko arazoa; une jakinetan egiten diote aurre, baina jarduera egonkorra da, urte osokoa», dio Gonzalezek. Azken urteetan asko handitu da erakundeek erietxe pribatuetara bideratutako diru kopurua. Areago, legea dute aitzakia; Nafarroan, gehienezko mugak dituzte itxarote zerrendek: hilabete espezialistarengana joateko, eta lau eta sei hilabete artean ebakuntza egiteko.

Iruñeko gobernuaren jarrera salatu du LABeko kideak: «Deigarria da: zerrenda luzatzea eragiten duenak berak kudeatzen du hori. Ez du lan taldea handitzen itxarote zerrendak murrizteko, eta, legeak agintzen dionez egun batzuetatik ez pasatzeko, itxarote zerrendetan daudenei eskaintzen die zentro pribatuetara jotzea». Urtean %20 hazten da Nafarroako Gobernuak erietxe pribatuei emandako diru kopurua.

Neurriak iragarriak ditu Jaurlaritzak: %14 murriztuko du ospitale pribatuetara bideratutako dirua, betetzea zaila izango dela onartuta ere. Irurek azaldu du ez direla lotu behar itxarote zerrendak handitzea eta desbideratzeak gutxitzea: «Batzuek lotu egin nahi dituzte biak, baina ez da horrela izan: 2008ko maila berean dago kontratazio pribatua, eta itxarote zerrendak, ez. Sisteman diru gutxiago jartzen da, eta geldoago funtzionatzen du. Horregatik handitu dira zerrendak». Konponbidea etxean aurkitu behar dute Osakidetzak eta Osasunbideak, Gonzalezen irudiko: «Lan taldea egoerari egokitzea da soluzioa». Ordea, urrun dirudi horrek: «Egindako urrats eta inbertsio oro sektorea pribatizatze aldera egiten dira. Hori bera gertatu da O-sarean proiektuarekin», dio Irurek. Osakidetzaren ekimen izarra da O-sarean; xede du Internet baliatzea osasun arreta emateko. Enpresa pribatu bati eman diote egitasmoaren ardura.

Aurrekontuak, eskasago

Egoera ona ez dela ados daude Osakidetza eta sindikatuak. Eta, iragarpenak ikusita, bistakoa da arriskua badagoela datorren urtean ere hala izateko. Aurrekontu proiektuak aurkeztu dituzte Iruñeko eta Gasteizko gobernuek, eta areago apaldu dira osasun arlorako diru sailak. Jaurlaritzako Osasun Sailak aurten baino 123 milioi euro gutxiago izan ditu 2011n, %3,5 gutxiago; orotara, 3.406 milioi euro. Nafarroan, ostera, 973,6 milioi bideratuko dituzte osasunera, aurten baino 14 milioi gutxiago (-%1,33). Ruizek berak onartu du komeriak izango dituztela: «Konpromiso handia da, eta oso zaila izango da helburua lortzea. Lan taldeari dagokionez, oso zaila izango da».

Hala ere, albistea eman du: LEP lan eskaintza publikora deituko du Osakidetzak urte bukaeran. Nafarroan, artean 2008ko deialdia konpontzen ari dira.



Inbertsioa

Inbertsioa osasunean. ELAk ikerketa egin zuen, herrialdeen inbertsioaz (2007).

Herrialdea BPG (%)

Danimarka. 8,2


Alemania. 8


Herbehereak. 8


Austria. 7,7


Belgika. 7,7


Norvegia. 7,5


Frantzia. 7,4


Suedia. 7,4


Portugal. 7,1


Erresuma Batua. 6,9


Espainia. 6,1


Hego Euskal Herria 4,1
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.