Osasunbideko itxaron zerrendan, batez beste, bi asteko atzerapena dute

Paziente bakoitzak 64 egun itxaron behar du kontsultara joateko, eta 7.200 pertsona daude ebakuntza kirurgiko bat egiteko zain. Nafarroako Gobernuak izurritearen aurreko kopuru berberak lortu nahi ditu.

Bi mediku pertsona bat artatzen, Iruñeko ospitaleko ebakuntza gela batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 15a
15:56
Entzun

Nafarroako Gobernuak Osasunbidearen egoera izan du hizpide. Santos Indurain Osasun kontseilariak jakinarazi duenez, lehen kontsultarako itxaron zerrendetan 43.802 pertsona daude zain. Iazko datuekin alderatuz gero, batez beste, bi asteko atzerapena dute zerrendek. Egun, pertsona bakoitzak, gutxi gorabehera, 64 egun itxaron beharko du kontsultara joateko. Hain zuzen, atzerapenik handienak 2014ko abenduan izan ziren. Guztira, 55.449 pertsona zeuden itxaron zerrendetan, eta atzerapena 81 egunekoa zen. Areago, Osasun kontseilariak gehitu du 7.200 pertsona daudela ebakuntza kirurgiko bat egiteko zain zerrendetan.

Izurriteak sortutako eragina izan du gogoan Indurainek: «Itxaron zerrendetako egoera, batez ere kontsultetakoa, ez da ona. Egoera arrunt batean onargarriak izango ez liratekeen datuak dira, eta badakigu hainbat pertsonarengan duela eragina». Haren arabera, izurriteak eragin «zuzena eta erabakigarria» izan du Nafarroako osasun sisteman. Hala ere, gaineratu du izurritearen «garairik okerrenetan» ere esku artean zituzten planek bermatu zutela bizi egoeretan eragina izan zezaketen kontsultak egotea eta atzeratu ezin zitezkeen ebakuntzak egitea. Osasun langileen lana ere goraipatu du: «Sistema egokitzeko egindako ahaleginen eta osasun langileek egindako lanaren inguruan hausnartzea merezi du, etengabe aritu baitira gauzak egiten eta berrantolatzen». Hala, gaineratu du osasun sistema ez dela gelditu, nahiz eta leku guztietara ezin izan den iritsi.

Orain, Nafarroako Gobernuak pandemiaren aurreko kopuru berberetara itzultzeko ahalegina egingo du, baina Osasun kontseilariak aitortu du egoera honetan ez dela «erraza» izango kopuru horiek murriztea eta lehengo egoerara azkar batean iristea. Halere, erantsi du izurritearen ondorioz jakin dutela zeintzuk diren telefono edo beste bitarteko teknologiko baten bidez egin beharreko kontsultak eta aurrez aurrekoak. Neurriak hartuko dituztela ohartarazi du Indurainek.

Batetik, aurreikusten dute zerbitzu batzuk ehuneko ehunera iristea, betiere kontsultak arratsaldean irekita mantentzen badira. Beste zerbitzu batzuk, ordea, ezingo dira gehiengora iritsi, dituzten baliabideekin «beharrezkoa» baita segurtasun neurri bereziak mantentzea. Bestetik, jarduera kirurgikoetan ere aldaketak espero dituzte; izan ere, ebakuntza gelak goizetan eta arratsaldeetan egongo dira zabalik.

Taldeen erantzunak

EH Bilduren ustez, itxaron zerrendatako egoera «osasun eta gestio arazo bat» izan da, eta erantsi du azken urteetan egondako «gorabeherek» erabaki politikoekin izan dutela zerikusia. Geroa Bairen arabera, berriz, zerrendetako datuak ez dira «onak», baina orain osasun sistemaren «gaitasun osoa» berreskuratu behar da, birusak hemen jarraitu eta egoera okertu arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.