Osasun arretarako baino ez. Nafarroako Gobernuak Osasunbideren egitura moldatzea erabaki du, eta, ondorioz, osasun zerbitzutik at utziko ditu hamabi administrazio unitate; orain arteko egituraren %5,75, alegia. Nafarroako Gobernuaren helburua da osasun arretarekin lotutako zerbitzuei baino ez eustea. Neurri horrekin, urtean 308.500 euro aurreztea espero du Osasun Departamentuak.
Horretarako, orain arte Osasunbideren barruan egon diren bi erakunde egituratik kanpo utziko ditu departamentuak: batetik, Medikuntzarako Ikerketa Zentroa. Aurrerantzean, Miguel Servet Fundazioaren menpe egonen da. Bertzetik, Osasun Publikorako Institutua. Zentro horrek, Lan Osasunerako Institutuarekin batera, bertze erakunde autonomo bat osatuko du, erabakitako moldaketaren ondorioz. Ez da lehen aldia Nafarroako Gobernuak urrats hori egiten duena, 1986tik 1992ra bitarte ere zentro bakarra osatu baitzuten bi institutu horiek.
«Gastu eraginkorra»
Osasunbideko egituran, beraz, bederatzi zuzendaritza geldituko dira; bost, osasun arretarako esparruan, eta bertze lau, administrazioaren arloan. Legegintzaldia hasi zenetik, bigarrenez egokitu du Nafarroako Gobernuak Osasun Departamentua, oraingo aldiarekin. Aurrekoan, zerbitzu horren egitura %7 murriztu zuen gobernuak. Moldaketa guztiak kontuan hartuta, Osasun Departamentuko arduradunek aurreikusi dute urtean 568.000 euro inguru aurreztuko dituztela.
«Onartutako aldaketen bidez, gastuan ahalik eta eraginkorren izatea da helburua». Horixe nabarmendu du Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak, Nafarroako Gobernuak onartutako azken neurrien berri eman eta gero.
Kontseilariak nabarmendu du egitura berriak osasun arretarekin zuzenean lotutako zerbitzuak indartuko dituela. Hala ere, erabakitako aldaketak krisi ekonomikoarekin lotu ditu, azaldu baitu «baliabide publikoen erabilera eraginkorra» dela defizitaren mugari eusteko bidea.
Osasunbideren egitura moldatu du gobernuak, 308.500 euro aurrezteko
Medikuntzarako Ikerketa Zentroa eta Osasun Publikorako Institutua zerbitzutik kanpo utzi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu