Osasunean derrigor moztu behar badu, ordain bat emango du Jaurlaritzak

Espainiako Gobernuak proposatu bezala bi aldiz pagatuz gero, 33 milioi euro aurreztuko lituzke Osasun Sailak

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak osasun zerbitzu unibertsalari eutsiko dio, Espainiako Gobernuak osasun zerbitzuak emateko irizpideak aldatzeko errege lege dekretua onartzen bada ere. Are gehiago, Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordeak nabarmendu du etorkizunean dekretuko zenbait neurri ezarri beharko balitu ere Eusko Jaurlaritzak unibertsaltasunari eusteko bidea bilatuko duela.

«Arrazoi legalen ondorioz ezarri beharko bagenu, arreta ordaintzeagatik konpentsazioa emateko bidea bilatuko genuke gure eskumenen barruan», iragarri zuen Fernandezek atzo, Rafael Bengoa sailburuarekin batera Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian. Mutur horretara heldu aurretik, ordea, Eusko Jaurlaritzak dituen «eskumen juridikoak» baliatzen ahaleginduko da Espainiako Gobernuak onartu nahi dituen murrizketak ez ezartzeko.

Litekeena da Espainiako Kongresuak bihar bertan baliozkotzea gobernuak ezarri nahi dituen «osasun sistemaren iraunkortasuna bermatzeko larrialdiko neurriak». Horiekin, besteak beste, osasun zerbitzua jasotzeko baldintzak gogortuko dituzte. Egoitza baimena ez duten atzerritarren, langabezian daudela egiaztatu ezin duten Europako Batasuneko biztanleen eta Gizarte Segurantzan izena inoiz eman ez duten 26 urtetik gorakoen osasun arreta murriztuko da. Paperik ez duten atzerritarrak larrialdi zerbitzura joan ahalko dira soilik, haurdun dauden emakumeen eta adingabeen kasuan izan ezik.

Dekretua onartuz gero, osasun zerbitzuan «30 urteko atzerapausoa» egingo da, Fernandezen ustez. Gaineratu du neurri horiek ez daudela arrazoituta eta ez direla beharrezkoak. Murrizketa horien atzean helburu bakarra dagoela erantsi du: «Zerbitzuak murriztu nahi dituzte, ahal duena sektore pribatura joan dadin; helburu hori zuten hasieratik, eta nolabait mozorrotu behar izan dute».

Fernadezek gogorarazi du dekretuan dauden aldaketa batzuk «zailtasun handikoak» direla, eta iragarri du hori kudeatzeak eragin dezakeen gastua aurreztuko dena baino gehiago izan daitekeela. Botikak bitan ordaintzeko proposamenak ekar ditzakeen zailtasunak nabarmendu ditu Bengoa sailburuak. Dekretuan ezarri nahi den sistemak kontuan hartzen ditu pertsonaren diru sarrerak, eta horrek instituzioen arteko harremana eskatzen du. Horrez gain, sistema informatizatuta ez dagoen lekuetan medikuari burokrazia lana gehituko dio sistema horrek errezeta emateko orduan.

Esandakoaren %10

Hain zuzen ere, Espainiako Osasun Ministerioaren aldaketek ekar dezaketen murrizketa esandakoaren %10 baino ez dela azaldu du Fernandezek. Zenbait alorretan aurreztutakoa zenbatzea zaila den arren, berrordainketa ezarriz gero, Osasun Sailak 33 milioi euro gutxiago gastatuko lituzke. «Dekretua ez dago justifikatuta, zenbat aurreztuko den ikusi ondoren».

Aurreztutako 33 milioi euro horietatik zatirik handiena, 30 milioi euro, sendagaiak bitan ordaintzeko sistemari dagokio. Larrialdikoa ez den osasun garraioaren berrordainketaren bidez bi milioi euro aurreztuko direla jakinarazi du Fernandezek, eta beste milioi bat ortoprotesien eta horrelako zerbitzuen bitartez. «Errege dekretua neurri ekonomikoetatik harago doa eremu batzuetan».

Bengoak gogorarazi du 33 milioi aurrezteko horrela ez dela egin behar, eta gaixotasun kronikoak artatzeko plana gogorarazi du. Hain zuzen ere, sailburuak atzo bertan eman zuen plan horren berri Eusko Legebiltzarrean. Gogorarazi du gaixotasun kronikoak artatzeko ekimenei esker joan den urtean 28 milioi euro aurreztu zirela eta neurri horiek ezarri ahala are diru gehiago aurreztuko dela.

Sailburuak neurri horien garrantzia gogorarazi du, aurtengo aurrekontua 2007. urtekoaren parekoa delako. Plana ezartzeko hainbat lan egin behar izan ditu Osasun Sailak. Beste diru sail batzuetatik aurreztutakoa baliatu du horiek ordaintzeko. Bide batez, datozen urteetan jarraitu beharreko bidearen oinarriak ezarri direla esan du Bengoak.

EAJ, dekretuaren kontra

Espainiako Kongresuko EAJko diputatuek jakinarazi dute osasun sisteman murrizketak proposatzen duen dekretuaren aurka bozkatuko dutela. «Osasun zerbitzuak desagerrarazi arte hondatuko ditu», adierazi du Josu Erkorekak, eta gaineratu du dekretua onartuz gero osasun sistemaren iraunkortasuna bukatuko dela.

Hori gerta ez dadin, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistemari eusteko neurriak hartzeko eskatu du. «Ez gara intsumisioaz ari, baizik eta bide juridikoak aztertzeaz». Erkorekak jakinarazi du ildo horretan EAJ «kolaboratzeko prest» dagoela, Espainiako osasun sistemaren «suntsipenak» EAEn eraginik izan ez dezan.

Bestalde, murrizketak aurrera eramateko Espainiako Gobernuak erakutsi duen jarrera kritikatu du. Nabarmendu du autonomia erkidegoekin eta kongresuko alderdiekin hitz egin gabe hartutako erabakia izan dela. Horrez gain, dekretu bidez egin izana ere salatu du, hori baita kongresuaren ahalmena gehien saihesten duen bidea.

Azkenik, Emilio Olabarriak jakinarazi du errege dekretuan ez duela jaso memoria ekonomikoa eta, horrenbestez, ez dagoela nahikoa oinarririk izango dituen «onura ekonomikoak» ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.