Osasuneko ikerketa publikoa bultzatuko dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak

Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroko langileen batzordearekin batera sinatu dute akordioa, eta batzordeak kritikatu du PSN «azken orduan» atera izana.

Akordioaren sinatzaileak gaur, Nafarroako Parlamentuko atarian. IñAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2023ko abuztuaren 2a
13:53
Entzun

Hiru alderdiek adierazi dute konpromisoa dutela abian den legealdian kudeaketa publikoko institutu bat izatea bermatzeko neurriak eta legeak bultzatzeko. Langileen batzordearen arabera, konpromiso politiko argia adierazten du osasuneko ikerketa institutuak kudeaketa publikoa izan dezan.

Nafarroako Parlamentuan alderdiek zein batzordeko kideek eman dute akordioaren berri. Langileen izenean, Ainhoa Ostiz, Sonia Aizpuru, Beatriz Orduña eta Iban Lakarra izan dira. Alderdien izenean, berriz, EH Bilduko Arantxa Izurdiaga, Geroa Baiko Mikel Asiain eta Zurekin Nafarroako Daniel Lopez.

Konpromisoak kezka bati erantzuten dio. Izan ere, Navarrabiomed biomedikuntzako ikerketa zentroaren jarduera Miguel Servet fundazioak kudeatzen du. Haren patronatuan, departamentuko, Osasunbideko, NUPeko eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko ordezkariak daude. Lehendakaria Santos Indurain da, eta lehendakariordea, berriz, Osasun zuzendari Carlos Artundo.

Alta, gaur salatu denez, egungo Osasun departamentuak fundazioaren «deskapitalizazioa» bultzatu du. Horregatik, funtsezkotzat jotzen dute osasuneko ikerketa publikoaren aldeko konpromisoa adieraztea, egungo deskapitalizazio prozesua eta fundazioko lanpostuen galera geldiarazteko.

Langileen batzordea kritiko azaldu da, azken orduan PSN akordiotik atera delako. Batzordearen arabera, asteartean adierazi zieten nahiago zutela Nafarroako Gobernuaren akordio programatikoa atera arte itxaron. «Duela hilabete helarazi genien konpromiso horrekin bat egiteko testua, eta ez zien inongo zalantzarik eta eragozpenik eragin».

Kritikatu dute PSNk «funts gutxi eta sinesgarritasun falta» erakutsi izana. «Beren interes eta kalkulu alderdikoien arabera jokatu dute, eta saihestu nahi izan dute agertzea osasuneko ikerketa pribatizatu baten alde egiten dutela apustu benetan». Izan ere, batzordeak ohartarazi du fundazio publikoaren deskapitalizazio prozesua ez dela geratu: «Bide horretatik jarraitu nahi badute, Nafarroako osasungintza interes alderdikoietarako eta negoziorako erabiltzen duen UPNren eskutik egingo dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.