Iazko apirilaren 29an hasi zuen Espainiako Poliziak ezker abertzaleko hautetsiek kudeatzen zuten Udalbiltzaren aurkako operazioa, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak aginduta. Zortzi lagun atxilotu zituzten egun hartan: Miriam Campos, Lander Etxebarria, Eider Casanoba, Karmele Urbistondo, Txema Jurado, Oskar Goñi, Leire Idoiaga eta Larraitz Sanzberro.
"ETAren tresna"
"ETA-Ekin konplexuko" kide izatea egotzi zien zortzi lagun horiei, eta Udalbiltza erakundeari "ETAren tresna" izatea. Garzonen arabera, Batasuna legez kanporatu ostean, Udalbiltzaren egitekoa zen Batasunaren ordezkaritza bermatzea, eta, ondorioz, Alderdien Legeari iruzur egitea. Apirilaren 30ean Garzonek plazaratu zuen autoan jasotzen zenez, hainbat herritan Batasunak agintean jarraitzean zen Udalbiltzaren helburua. Auto berean, atxilotutako zortzi lagunak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen, eta Udalbiltza legez kanpo utzi zuen.
Froga gisa, berriz, Udalbiltzaren helburua "ETArena bezala" eraikuntza nazionala zela arrazoitu zuen Garzonek. Halaber, EHNA tramitatzen zuela, Euskal Herriko selekzioaren aldekoa zela eta Zuberoaren garapenerako dirua bideratu zuela.
Nolanahi ere, operazioa ez zen horretan amaitu: maiatzaren 23an Udalbiltzako kide ziren lau hautetsik deklaratu zuten Garzonen aurrean, eta haietatik hiru —Loren Arkotxa Ondarroako alkatea, Imanol Esnaola Lezoko zinegotzia eta Miren Josu Aranburu Urretxukoa— baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen. Laugarrena, Xabier Iragorri Oiartzungo alkatea, bermea ordainduta aske laga zuen. Horrez gain, beste auzi batzuk tarteko dagoeneko espetxean ziren Joseba Garmendia eta Xabier Alegria auzipetu zituen Udalbiltza auzian, eta, kartzelan egon arren, espetxeratzeko agindua eman zuen haien kontra. Azkenik, Xarlo Etxezaharreta Hazparneko hautetsia atxilotu zuen Espainiako Poliziak iraileanUdalbiltza auziarekin lotuta, eta hura ere kartzelan sartzeko agindu zuen Garzonek.
Lau oraindik espetxean
Pertsona horiek denak hainbat hilabetez kartzelan eduki ondoren, iazko urrian Casanoba eta Sanzberro aske utzi zituen Garzonek, bietako bakoitzak 30.000 euroko bermea ordainduta. Apirilaren 6an, berriz, Arkotxa, Esnaola, Aranburu eta Etxezaharreta bermepean aske uzteko agindu zuen Auzitegi Nazionaleko epaileak. 30.000na euroko bermea jarri zien lehen hirurei, eta 60.000 eurokoa Etxezaharretari.
Gaur, ostera, beste hiru bermepean askatzeko agindu du: Oskar Goñi, Txema Jurado eta Lander Etxebarria. 30.000na euroko bermea ezarri die. Horrenbestez, lau lagun geratzen dira espetxean Udalbiltza auziarekin lotuta: Karmele Urbistondo, Miriam Campos, Joseba Garmendia eta Xabier Alegria.
Udalbiltza auzia
Oskar Goñi, Txema Jurado eta Lander Etxebarria aske geratuko dira, bermepean
Arantza Zulueta abokatuak 'Berria.info'-ri agertu dionez, 30.000na euroko fidantza ordainduta aske geratuko dira Udalbiltza auziagatik preso dauden Oskar Goñi, Txema Jurado eta Lander Etxebarria. Gaur bermeak ordaintzeko berandu dela-eta, bihar ateratzea espero dute. Auzi horregatik kartzelan geratzen dira beste lau lagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu