Politika

Oskar Matute izango da EBko kritikoen burua biltzarrean

Bihar eta etzi egingo dute kongresua. Javier Madrazo gaurko koordinatzaile nagusia izango da beste hautagaia postu horretarako. Kritikoek osoko emendakina aurkeztu dute baina "oso zail" ikusten dute irabaztea, Duñike Agirrezabalaga Donostiako zinegotziak gaur esan duenez.

2008ko maiatzaren 30a
16:42
Entzun
Bihar eta etzi egingo du Ezker Batuak (EB) VII. Biltzar Nagusia, Bilbon, eta, gaur jakin denez, Oskar Matute izango da koalizioko kritikoen burua kongresuan. Eusko legebiltzarkidea da Matute. Javier Madrazo gaurko koordinatzaile nagusia izango da beste hautagaia postu horretarako.

Duñike Agirrezabalaga Donostiako EBko zinegotziak jakinarazi du gaur Matuteren hautagaitza, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan. Zuzendaritzaren txostenari osoko emendakina aurkeztu diote, testu alternatiboa eginda. Dena den, "oso zail" ikusten dute irabaztea. "Ustekabea litzateke".

Madrazoren ildoaren politikarekin kritiko dira Matute-eta. "Jaurlaritzako [EAJ-EA-EB] hirukoaren gobernuaren etapari amaiera eman, gure izaera berreskuratu eta lidergoak eta politika egiteko modua sakonetik eraberritu nahi dugu". Hala esan zuten duela zenbait aste hedabideen aurrean Matutek, Agirrezabagak, Angel Bao Eusko Jaurlaritzako Ongizate Sozialeko zuzendaria izandakoak eta Jonathan Martinez Bizkaiko Batzar Nagusietako biltzarkideak.

Haien esanetan, Ezker Batua "agintearen sarean kateatuta" egon da azken urteetan eta horrek haren ezker izaera ahuldu du.

Jaurlaritzan Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak aurrerapausoak eman arren -Javier Madrazo da sailburua-, beste hainbat sailetan ez dutela lan ona egin uste dute. "Ez gara gai izan azpiegitura, ingurumen politika edo osasun eta hezkuntza arloko oinarrizko zerbitzuetako erabaki garrantzitsuak baldintzatzeko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.