Aspaldi martxoaren 8aren harira egiten zituzten bestak ekarri ditu gogora. Arroparik dotoreenak janzten zituztela, eta erruz ospatzen zutela data. «Teoria, borroka eta besta elkartzeko gai izan gara beti Nafarroako feministok». Andreako kide Tere Saezen hitzak dira. Gaitasun horri eutsi dio Nafarroako mugimendu feministak, Saezen ustez; eta, horren adierazgarri, besta ospatu zuen atzo Iruñean, azken 35 urteotako bidea jasotzen duen La otra mitad: mirando en lila dokumentala aurkezteko (Bertze erdia: lilaz begira).
Aretoa lepo bete zuten dozenaka pertsonek. Emakumeak ziren gehienak, baina baziren gizonezkoak ere. «Garrantzitsua da begirada atzera botatzea, aurrera egin ahal izateko, lanean jarraitzeko». Horixe erran zuen Saezek, eta horixe egin zuen: begirada atzera bota. 1979an Iruñeko karriketan ospatutako lehendabiziko martxoaren 8a gogoratu zuen; Iruñeko udaletxean egindako itxialdiarekin oroitu zen, Txantrean emakume bat abortatzen hil zela salatzeko egin zutena; 1977an sortutako lehendabiziko talde feminista gogora ekarri zuen, bai eta gerora osatu zen Koordinakunde Feminista ere.
Orain arte egindako urratsei so egiten dienean, zer ospatu badela zalantzarik ez du Tere Saezek. «Hasi ginenean, etxetik at lan egiteko eskubiderik ere ez genuen. Senarrari baimena eskatu behar genion etxetik ateratzeko, bidaiatzeko... Egia da emakumeon egungo lan baldintzak kaskarrak direla, baina lanerako dugun eskubide hori inork ez du zalantzan jartzen».
Adibide bat bertzerik ez da, Andreako kidearen hitzetan. Bada bertzerik. Modu orokorrean, emakumeen begirada aintzat hartzeko beharra esparru guztietara ailegatu dela nabarmendu zuen Saezek atzo. Modu zehatzago batean, emakumeen kontrako indarkeriaren arloan egin den bidea nabarmendu zuen: «Duela 35 urte, tratu txarrak ez ziren salatzen, normaltzat jotzen zirelako. Emakumearen betebeharra zen isiltzea, eustea».
Egun, indarkeria horren aurka egiteko legea badu Nafarroak. Argi anitz badu arau horrek, Saezen ustez, baina baita itzalak ere. Sexu indarkeria da horietako bat. Esparru horretan gizarteak atzera egin duela uste du Saezek, eta arazoak arreta berezia behar duela: «Emakumeon aurkako indarkeria tratu txarrekin lotu da, baina indarkeriak bertze hainbat aurpegi baditu, eta horietako bat da sexu erasoena».
Borroka egin zaleak
Isabel Albak zuzendutako mugimendu feministari buruzko dokumentala Iruñeko Udalak lagundu du diruz. Atzoko ekitaldiak, ordea, ez zuen erakunde horren babesa jaso, Saezek azaldu zuenez. «Formarekin ez omen daude ados». Itziar Ziga idazle feministak zuzendu zuen ekitaldia, eta parte hartu zuten, bertzeak bertze, Drogas eta Chula Potra abeslariek eta Virginia Imaz aktoreak. Besta giroa nagusitu zen.
Saezek, hala ere, azken 35 urteotan izandako zailtasunak ez zituen bazter utzi nahi izan atzokoan. «Herrialde kontserbadorea da Nafarroa; Elizak indar handia izan du, eta mugimendu feministaren lan egiteko moduan anitz eragin du horrek, azken 35 urteotako bidean. Ausardia handia erakutsi zuten duela 35 urte borrokatzen hasi ziren emakumeek; egoera horrek eragin du Nafarroako emakumeak borroka egin zaleak izatea».
Adin guztietako emakumeek egin zuten bat atzoko bestan. Belaunaldi batzuen eta bertzeen errealitatea ez dela bera izan argi du Saezek. «Hainbat gauza lortu dugu, eta hori ona da gazteentzat; baina, aldi berean, zailagoa zaie oraindik ere dauden diskriminazio moduak bereiztea, lausoagoak direlako».
Belaunaldien arteko bat egite horretan ikusten du Saezek lan egin beharra gaur egun. «Ona da talde ezberdinak izatea, baina gogoetarako espazio komunak behar ditugu. Hori galdu dugu, eta berreskuratu behar dugula argi dut». Oraingoa «garai zaila» dela erran du: «Ildo komunak behar ditugu, lanean jarraitzeko».
Ospatu, lanean jarraitzeko
Besta antolatu dute Andrea eta Astelehen Lilak taldeek Iruñean, feminismoak 35 urtez Nafarroan egindako bidea jasotzen duen dokumentala aurkezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu