Gure konpromisoan, pieza guztiak bere tokian izango da Nafarroako errenta eta ondasun aitorpenaren leloa. Kanpainaren irudia ospitaleak eta ikastetxeak izango dira. "Ongizate estatuaren bi zutarriak direlako eta zergen bitartez denok egiten dugulako gure ekarpena", azaldu du Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak gaur goizean egin den aurkezpenean.
Ostegunetik aurrera kontsultatu ahalko da Internet bidez ea Ogasunak aitorpen automatikorik bidali duen. Horretarako NAN agiria ematearekin nahikoa izango da. Guztira, 179.069 proposamen igorriko dizkiete 239.885 zergaduni —horietako batzuk aitorpen bateratuak baitira—.
Gainera, apirilaren 15etik aurrera gutun bidez etxeetara bidaliko dituzte proposamenak. Ontzat joz gero, ez da ezer egin behar. Bestela, beste aitorpen bat egitearekin automatikoki proposamena bertan behera geratuko dela zehaztu du Luis Esain Ogasuneko zuzendari nagusiak.
Aitorpenerako hitzordua eskatzeko apirilaren 18tik aurrera egingo da www.navarra.es webgunean edo 948-50 55 05/6 telefonoetan. Bulegoetan aitorpena egiteko epea apirilaren 20tik ekainaren 24ra bitartekoa izango da. Ordaintzera ateraz gero, bi epetan pagatzeko aukera emango du Ogasunak: uztailaren 1ean eta azaroaren 21ean. Ordainketa bakarrean egin nahi bada, aldez aurretik jakinarazi beharko da.
Derrigortuta egongo dira aitorpena egitera 11.250 euroko lan errenta gordina izan zutenak iaz; kapital edo higiezin etekinetan, 1.600 euro gordineko atxikipena izan dezaketenak edo bestelako errentak dituztenak (enpresaburu, profesional edo maizterrak). Azken kasu horretan, jasotako diru sarrera txikiena ere aitortzera derrigortuta daude.
Guztira, 472.547 zergadunek parte hartuko dute kanpainan, eta 325.395 aitorpen egingo dira.
PSNren erreformaren eragina
Ogasunak prestatutako 120.700 aitorpen automatikoetan, 71,9 milioi euro itzuliko ditu Ogasunak, eta beste 50.000 ingurutan, 36,6 milioi euro ordaindu beharko dute zergadunek. Iazko errenta aitorpenarekin alderatuta, proposamen automatikoen kopurua antzekoa da, baina iaz baino 11 milioi euro gehiago itzuli beharko ditu Ogasunak aurten.
Kontuan eduki behar da PSNk, UPNk eta PPk 2014 amaieran onartutako zerga erreformari dagokiola 2015eko kanpaina, eta tarifan murrizketa orokor bat ezarri zela. Kanpaina amaieran ikusiko da guztira zenbat diru gehiago itzuli beharko duen.