Martxelo Otamendi Egunkaria-ko auzipetuak dio Guardia Zibilak "oso ondo" zekiela Egunkaria-k eta atxilotuek ez zutela loturarik ETArekin. "Beraz, hori ez zen akatsa izan, ez zen hanka-sartzea izan. Estrategia izan zen hori".
Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak eman zuen hedabidea ixteko agindua, eta Otamendiren ustez baliteke epaileak ere prebarikazioa egitea orduan. Epaiketan Del Olmo ez da izan, epaimahaia Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu dutelako. Absolbitu egin dituzte Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Astelehenean atera zuten epaia.
Urteotako babesa berriro eskertu du Egunkaria-ko auzipetu eta BERRIAko zuzendariak. Besteak beste, sindikatuena; aldiz, enpresaburuen elkarteen babesa falta izan dutela adierazi du. "Hedabidea ez ezik, enpresa inportante bat ere baginen. 150 langile genituen, eta lanpostua galdu zuten... Sindikatuek babesa erakutsi ziguten, baina ez enpresaburuen elkarteak".
Herri Irratia-Loyola Median eta ETBn egin ditu adierazpenok Otamendik, gaur.
Otamendik dio Guardia Zibilak "oso ondo" zekiela 'Egunkaria'-k ez zuela loturarik ETArekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu