konpoNBIDEARI BEGIRA

Otegi askatzeko eskatu dute nazioarteko hainbat eragilek

Besteak beste, Pepe Mugica Uruguaiko presidente ohiak, Slavoj Zizek filosofoak, Leyla Zana giza eskubideen ekintzaileak eta Tariq Ali idazleak izenpetu dute adierazpena. Euskal presoak etxeratzeko ere eskatu dute.

jon olano
2015eko martxoaren 24a
07:31
Entzun

Europako Legebiltzarrean aurkeztu dute Arnaldo Otegi askatu, euskal presoak etxera izeneko nazioarteko adierazpena. Sinatzaileek gogoan izan dute bost urte igaro direla “euskal mugimendu independentistak aurrekaririk gabeko eztabaida sakon bat ireki eta esklusiboki baketsuak eta demokratikoak diren bideen aldeko zalantzarik gabeko apostu sendoa” egin zuenetik. Halaber, gogorarazi dute Aieteko Konferentziak eginiko deiari erantzun baikorra eman ziola ETAk 2011ko urrian.

“Tamalez, ETAren jarduera armatuaren amaierak, armagabetzerako eta elkarrizketa eta alde guztietako biktimen mina onartuz adiskidetzerako agertutako disposizioak ez du berekin ekarri oraindik orain, Estatu espainiarraren aldetik inolako erantzun positiborik”, erantsi dute.

Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak 2009ko urriaz geroztik preso jarraitzen duela salatu dute sinatzaileek, euskal presoen sakabanaketa politika gaitzestearekin batera: “Horren euren senideentzako zigor gehigarri bat suposatzen duelarik, bisitatu ahal izateko distantzia luzeak egitera kondenatuak baitira”.

Horren aurrean, “bakearen eta demokraziaren alde arriskatzen jakin zuen gizona berehala askatzeko” eskatu dute, “inork egingo ez zuela zirudienean hitzaren aldeko apustua egin zuenarena”. Otegi libre uzteak eta euskal presoen urruntze politika amaitzeak, “hauen aurretiazko kaleratzearen aurreko pausu gisa, beharrezko pausuak dira bake justu eta iraunkorra lortu ahal izateko”, adierazi dute.

“Gizatasunagatik” eta “justiziagatik” egin dituzte aldarrikapenok, “garaile eta garaiturik gabeko irtenbidean” sinesten dutela eta “bakearen aldeko apustua” egiten dutela argudiatuta.

Bost urte Bruselako Adierazpenetik

Datorren igandean bost urte beteko dira nazioarteko hainbat lagun ezagunek Bruselako Adierazpena aurkeztu zutenetik, eta hura gogoratzeko eta Euskal Herriko bake prozesuari beste bultzada bat emateko izango da gaurko ekitaldia. 

Otegi 2009ko urritik daukate preso —gaur egun, Logroñon (Espainia)—, Bateragune auziagatik. Hurrengo urteko apirilera arteko zigorra du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.