«Arnaldo Otegik kalean behar du ilusioz betetako aro honetan, haren esku hartzea beharrezkoa dugulako aurrera eman nahi ditugun pausoetan». Hala uste du Elgoibarko Arnaldo Askatu Politika Askatu herri ekimenak, eta, horregatik eta «politika egiteko eskubidea» aldarrikatuz, nazio manifestazioa antolatu dute herrian, hilaren 30erako. Baimenduta dago, eta 17:30ean hasiko da. Beste hainbat eragilerenaz gain gain, Eusko Alkartasunaren, Aralarren, Alternatibaren eta ezker abertzalearen babesa du.
Batasuna berregitea egotzita, otegi duela 19 hilabete atxilotu zuten Rafa Diez Usabiaga, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez, Txelui Moreno, Amaia Esnal, Jose Manuel Serra, Rufi Etxeberria eta Ainara Oizekin batera. Aurrenengo zortziak auzipetuta daude, eta Otegik, Jacintok, Zabaletak eta Rodriguezek preso jarraitzen dute. Haiek guztiak eta gainerako euskal presoak gogoan izan dituzte Arnaldo Askatu herri ekimeneko kideek, Elgoibarren emandako prentsaurrekoan; akordura ekarri dituzte bereziki Elgoibarko presoak, eta berriki hil den Mikel Ibañez preso ohia.
Otegi preso eraman zutenetik, «Arnaldok berak hasitako bideari jarraituz», Euskal Herrian aldaketa asko izan direla nabarmendu du Arnaldo Askatu herri ekimenak. «Besteak beste, irtenbide demokratikoaren eta baketsuaren alde egin den jauzia». Urrats horiek egiteko orduan Otegiren parte hartzea ezinbestekoa izan dela nabarmendu du herri ekimenak, eta hori euskal alderdi politikoek eta gizarteak ez ezik, PSOEk ere ulertu duela.
Herri ekimeneko kideek ez dute dudarik, «Otegi espetxean egoteko arrazoiak politikoak dira. Denok dakigu bahitu politikoa dela». Horregatik, eta azkenaldian mobilizazio ugari izan direla jakin arren, «ahalegina» egin eta Otegiren askatasunaren aldeko manifestaziora joateko deia egin diete euskal herritar guztiei: «Arnaldoren aldeko mobilizazio honek baditu, gure ustez, esfortzu berezia merezi duten motiboak».
Alderdi politikoen babesaz gain, 800 bat gizabanako eta eragileren babesa ere jaso du hilaren azken larunbatean egingo den manifestazioak. Besteak beste, Uxue Alberdi, Maialen Lujanbio zein Xabier Amuriza bertsolarien, Fermin Muguruza eta Eñaut Elorrieta musikarien, Juan Luis Zabala idazlearen eta Juan Gorriti artistaren atxikimendua jaso du. Atxikimendu gehiago jasotzen ere ari dira oraindik, webgunean.
Kanpotik Elgoibarrera joan behar dutenentzat erraztasunak jarri nahi dituzte. Horregatik, autobus eta autoentzat aparkaleku bereziak prestatuko dituztela jakinarazi dute. Nolanahi ere, ahal dutenei garraio publikoa erabiltzeko aholkua eman diete.
@Informazio gehiago bildu nahi izanez gero eta manifestazioari atxikimendua emateko, klikatu hemen:
http://arnaldotegi.com
Otegi askatzeko eskatuz, nazio manifestazioa egingo dute
Elgoibarko kaleak zeharkatuko ditu martxak, hilaren 30ean, «politika egiteko eskubidea» defendatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu