Arnaldo Otegi espetxean egotea eta Bildu legezkoa izatea «paradoxa» bat da, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministro ohiaren arabera. «Otegi espetxean dago, eta berak sortzen lagundu zuen indar politiko bat [Bildu] legezkoa da. Egia da badagoela horren atzean paradoxa bat ikusten duen jendea, baina halako gauzak gerta daitezke», adierazi du Rubalcabak, Telecinco telebista katean.
Rubalcaba ez da izan Otegiren egoera ahotan izan duen buruzagi sozialista bakarra. El Pais egunkariak astelehenean argitaratutako elkarrizketa batean, Otegiren aurkako epaiak ez duela «egungo egoerarekin bat egiten» adierazi zuen Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiak.
Irailaren 16an Espainiako Auzitegi Nazionalak hamar urteko espetxe zigorra ezarri zion Arnaldo Otegiri, Bateragune auzian. Otegirekin batera, Rafa Diez Usabiaga, Miren Zabaleta, Arkaitz Rodriguez eta Sonia Jacinto ezker abertzaleko kideak zigortu zituen auzitegiak.
Epaiaren aurka helegiteak aurkeztu ondoren, Auzitegi Gorenean dago auzia. Horren harira, Rubalcabak adierazi du Justiziak«bere mekanismoak» dituela, eta «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu du. «Ikusiko dugu zer gertatzen den auzi honekin».
«Amnistia posible da»
Bestalde, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak euskal presoentzako amnistia aldarrikatu du ETBn eginiko elkarrizketa batean. Zabaletaren ustez, «errealista» da eskaera hori, eta gaineratu du Gernikako Akordioan jasota dagoela. «Hala gertatu da bake prozesu bat egin den leku guztietan, ez ezeren ondorio gisa, baizik eta justiziak hala eskatzen duelako».
Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak, berriz, adierazi du «egungo legedia zorrotz» beteta espetxe politika aldatzeko aukera dagoela.
Otegi espetxean egotea eta Bildu legezkoa izatea «paradoxa» bat da, Rubalcabaren arabera
'Bateragune auzian' Gorenean erabakiko dutenaren inguruan «zuhurtziaz» jokatzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu