Logroñoko kartzelatik (Espainia) hitz egin du berriro Arnaldo Otegik, SER irrati kateak egin dion elkarrizketa idatzian. Gatazkaren konponbide prozesuan PPren ekarpena «ezinbestekoa» dela esan du, eta itxaropena daukala alderdi horrekin «Euskal Herrirako eta Espainiarako onuragarriak diren akordioak» lortuko direlako. Aitortu du ezker abertzaleak ez zuela «behar bezala balioetsi» 1998an Jose Maria Aznar orduko Espainiako presidenteak «egindako ahalegina eta izandako keinua» ENAM erabili zuenean eta ezker abertzalearekin harremanak hasi zituenean. «Uste dut orduan hanka sartu genuela, eta itxaropenerako zirrikitua irekita utzi nahiko nuke orain akordioak lortzeko».
Otegiren ustez, gatazkaren ondorioen inguruko akordioa lortzeko elkarrizketa prozesua abiatzeak izan behar du lehentasuna orain. Hori lortu bitartean, gainera, zenbait «keinu eta ekimen»egin beharko liratekeela esan du, tartean Sortu legeztatzea eta «salbuespenezko neurri oro» bertan behera uztea.
Halaber, iritzi dio Espainiako Estatuko sektore batzuk«eroso» sentitzen direla gatazkan eta prozesua «oztopatu» nahi dutela. «Ez dute lortuko», ohartarazi du. Hala, Otegik «erantzukizunez» jokatzeko deia egin die eragile denei, aukera baliatzeko: «Hurrengo belaunaldiei zor diegu».
Otegi: «Ez genuen behar bezala balioetsi Aznarren ahalegina»
Gatazkaren ondorioei buruzko akordioa lortzea lehentasuna dela esan du Arnaldo Otegik SER irratian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu