Politika

Otegi: "Gainerako alderdiek beraien belodromoa egin behar dute"

Batasuneko bozeramaile Arnaldo Otegik esan duenez, azkenaldiko gertakariek argi eta garbi erakutsi dute, "gatazka politikoa ez dela gainditu". Horren adibide dira, bere ustez, '18/98 sumarioan' auzipetuta daudenentzat Espainiako Fiskatzak egindako zigor eskaerak, ustez ETAk Madrilen atzo jarri zituen bost lehergailuak, eta azken egunetako atxiloketa eta tortura "basatiak", besteak beste. Beraz, gataza gainditzeko norberak bere proposamena egin behar duela iritzi diote Batasunakoek, eta alderdiei dei egin diete gatazka nola gainditu daitekeen proposatzeko.

2004ko abenduaren 4a
15:06
Entzun
Batasunakoak kezkatuta azaldu dira gaur prentsaurrean, beraien kontra ematen den "lintxamendu" politikoa ikusita. Gatazka konpontzeko norbaitek "amore eman" behar duela uste dutenak, oker daudela diote, eta azpimarratu dutenez, beraiek ez dute amore emango.

Gatazkak bizirik jarraitzen duela azpimarratu du Otegik: "Atzo jakindako eskaera fiskalak, tortura basatiak eta atzo egondako ekintza armatuak mezu bat adierazten digute, mezu garbi bat: gatazka ez dago gaindituta, gatazkak irauten du, eta beraz, zentzu horretan esan dezakegu gatazkaren parametroak ez direla aldatu. Sinpleki hori esan nahi dute gauza guzti hauek". Horregaitik iritzi dio, Belodromoko proposamenak inoiz baino indar gehiago duela.

Konponbiderako prozesua oraindik ez dela abiatu gogorarazi dute, "hastapen aurreko prozesua" dela hau. Prozesu horretarako atea irekitzeki du Batasunak, beraien esanetan, baina atea guztiz irekitzeko guztiek bultzatu behar dutela azpimarratu dute. Ildo horretatik, beste alderdiek beraien proposamenaren mamiari buruz ez dutela ezer esan azaldu dute, "ez publikoki eta ez pribatuan", eta beraiei adierazpen horiek publikoak edo pribatuak izan berdin zaiela azpimarratu dute.

Horregaitik, alderdiei beraien proposamenak egiteko deia egin diete, eta bakoitzak argi eta garbi esateko gatazka gainditzeko zer egin behar den uste duten.

"Diktaduran bezala"

'18/98 sumarioan' auzipetuta daudenentzako atzo Espainiako Fiskaltzak egin zuen eskaerak "diktadura garaia" ekarri dio gogora Otegiri: "Begibistakoa da: estatu espainiarrean delitu politikoak existitu egiten dira, eta beraz, diktaduran bezala, erakunde politiko bateko partaide izatea, edo egunkari bateko partaide izatea, independentista izatea eta Euskal Herriaren aldeko borroka egitea, 51 urteko zigorrarekin betetzen da estatu espainiarrean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.