ARNALDO OTEGIREN INHABILITAZIOA

Otegiren defentsak helegitea aurkeztu du Auzitegi Konstituzionalean

Ostegun gauerdira arteko epea izango du Espainiako auzitegiak ebazpen bat emateko, orduan hasiko baita hauteskunde kanpaina.

Arnaldo Otegi, bere lantaldearekin batera ondutako proposamenaren aurkezpenean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko irailaren 5a
12:14
Entzun

Donostiako Administrazio Auzietarako Epaitegiak Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaiaren helegitea atzera bota ostean, haren abokatuak gaur aurkeztu du helegitea Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Otegiren inhabilitazioaz erabakitzeko, ostegun gauerdira arteko epea izango dute magistratuek, orduan hasiko baita Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpaina. Gaur-gaurkoz, zerrendetatik kanpo dago Otegi, hala ebatzi baitzuen Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak.

Eztabaida juridiko nahiz politikoa sortu du Otegiren inhabilitazioaren auziak, eta horri buruz hitz egin du Juan Kalparsoro Araba, Bizkai eta Gipuzkoako fiskal nagusiak. Uste du "eztabaidagarria" dela Otegiren inhabilitazioa kartzelatik irtetean iraungi zen edo ez. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Kalparsorok jakinarazi du Auzitegi Konstituzionaleko fiskalak txosten bat aurkeztuko diola gaur bertan auzitegi horri, eta azaldu Espainiako fiskaltzaren posizioa dela inhabilitazio zigorra "indarrean" dagoela. Iritzi horrekin bat datorren galdetuta, Kalparsorok adierazi du bere iritzia ez dela garrantzitsua.

Bateragune auzian ezarritako zigorra aintzat hartuta, Otegi inhabilitatuta zegoela ebatzi zuen Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak. Iñigo Iruin Otegiren abokatuak publikoki azaldu zituen erabaki horren aurka aurkeztutako alegazioak: martxoan espetxetik irtetean bukatu zela sufragio pasiborako inhabilitazioa, eta kartzela zigorraren "osagarri" gisa jarri ziotela inhabilitazio mota hori. Batzordeak ez zuen helegitea aintzat hartu, eta zerrendetatik kanpo utzi zuen Otegi.

Donostiako Administrazio Auzietarako Epaitegira jo zuen orduan Otegiren defentsak, baina hark Gipuzkoako Hauteskunde Batzordearen erabakia berretsi zuen.

Aurkeztu ahal izateari, babes zabala

Gizarte zibileko hainbat lagunek sustatuta, kanpaina bat abiatu dute hauteskundeetara aurkezteko Otegiren eskubidea defendatzeko. Inhabilitazioa "hemen eta orain demokraziaren kalitateari eragiten dion arazo larritzat" jo dute, eta Otegik konponbide prozesuan eginiko lana goraipatu dute: "Herri honetan agertoki berriak irekitzearren —beste askoren artean— ekarpen funtsezkoa egin duen Arnaldo Otegik hautetsontzien bidez etorkizuneko kargu bat har dezan ekiditeko saioa, beste behin ere, demokraziaren oinarrizko baloreei eginiko erasoa da".

Sinatzaileen artean daude Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia, Gemma Zabaleta PSE-EErekin Jaurlaritzako sailburu izandakoa, Tariq Ali idazle eta zinemagilea eta Pedro Ibarra Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzietako katedraduna. Aste eta erdian, ia 20.000 sinadura bildu dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.