'bateragune auzia'

Otegiren-eta aldeko martxan izango da Arabako Ahal Dugu-ko burua, Uriarte idazkari nagusiari kontra eginda

Koldo Martin ez dator bat EAEko idazkari nagusiak emandako ezezkoarekin. "Aldaketa politiko eta sozialaren eragile moduan, gure eginbeharra da Bateraguneko injustizia salatzea". Larunbatean izango da manifestazioa, Donostian (Bulebarra, 17:30). 

Koldo Martin Ahal Dugu-ko Arabako batzarkideen eleduna, ekainean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2015eko urriaren 13a
12:18
Entzun

Atzo Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak esan zuen bere alderdia ez dela larunbatean Donostian izango Arnaldo Otegi eta Rafa Diez Bateragune auziko kideen askatasunaren aldeko manifestazioan, deialdia ez delako partekatu beste eragile batzuekin eta Otegi-eta "ez direlako bakearen heroiak". Baina Uriarteren alderdiko arduradun guztiak ez datoz bat martxan parte ez hartzearekin. 

Izan ere, gaur Koldo Martin Arabako Batzar Nagusietako Ahal Dugu-ko buru eta EAEko Ahal Dugu-ko Herritar Kontseiluko kideak BERRIAri helarazitako ohar batean jakinarazi du bera joango dela Donostiako mobilizaziora. "Badirudi Uriarteren hitzak alderdiaren ildo politikoaren txosten batetik ateratakoak direla; txosten hori, balego, zirriborro bat baino ez da, eta ekarpenekin hartuko du forma", dio Martinek. "Larria da Uriartek, idazkari nagusi moduan, erabakia Ahal Dugu-rena bezala aurkeztea, esandakoa bere iritzia izanik".  

Arabako Ahal Dugu-ko buruak uste du logikoa dela deialdia "ezker abertzaleak" egitea —talde batek deitu du—, "eta kontuan hartu behar da beste inongo alderdi edo eragile politikok ez duela hartuko [deialdia egiteko] ekimena". Martinek dio Otegirekin-eta "injustizia" egiten ari dela. "Ahal Dugu egon daiteke ados edo ez haiek egindakoarekin, baina, aldaketa politiko eta sozialaren eragile bezala, gure eginbeharra da injustizia salatzea". Gainera, iritzi dio ezker abertzaleak 2009tik bakegintzaren aldeko pausoak eman dituela. "Ahal Dugu-ko kide moduan, giza eskubideen edozein urraketa borrokatzeko konpromisoa hartu nuen".

Iragarri du alderdiko kide gisa joango dela larunbatean Donostiara, ez ordezkari gisa. "Ahal Dugu-ko beste kide batzuekin batera, ezker abertzaleko ordezkari politiko izateagatik errepresaliatuak izan diren guztiei elkartasuna adieraziko diet".

Martinek Uriarteren jarrera txarretsi du. Haren arabera, ez da lehen aldia halako zerbait egin duena idazkari nagusiak, eta "intentzio" jakin batekin egiten duelakoan dago.

Bulebarrean hasiko da martxa, 17:30ean, Otegi, Diez eta beste euskal presoen askatasunaren alde. Arnaldo askatu, politika askatu izango du leloa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.