«Gertaera oso-oso garrantzitsuz jositako astea» izan da honakoa, ezker abertzalearen ustetan. Egungo egoera zein den argi utzi dutela asteko gertakizunek: euskal herritar gehien-gehienak aldaketaren aldeko apustua egiten dutela, horretarako elkarrizketak abiatzeko beharraz ohartarazi duela nazioarteko komunitateak, eta Espainia horren aurka ari dela, prozesua «behin eta berriro boikotatzen».
Batetik, osteguneko greba arrakastatsuan, Euskal Herriak «bere eredu politiko, sozial eta ekonomiko propioa eraikitzeko» nahia eta prestasuna erakutsi duela iruditzen zaio ezker abertzaleari.
Bestetik, ostegunean bertan Bruselan Jonathan Powell Irlandako bake prozesuan jardundakoak egindako deiari ere «garrantzi berezia» eman dio: «Euskal jendartearen eta nazioarteko komunitatearen eskariari jaramon egiteko deia» egin zuela azaldu du; «bakea eta behin betiko irtenbideak bilatuko dituen elkarrizketa abiatzeko deia».
Ezker abertzaleak bere egin du Powellen hausnarketa. Aieteko Konferentzia «bakerako mugarritzat» dauka; «atzerabiderik ez duen bidea» ezarri zuela deritzo. «Behin hona iritsita, inork ezin du blokeatu denontzako bake eta normalizazio politikorantz eramango gaituen bidea», esan du.
Espainia, ordea, hori oztopatu nahian ikusi du. Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 doktrina berretsita «blokeo, boikot eta itxikeria» erakutsi dituela dio. Hala ere, konponbiderako prozesuan sakontzeko prest agertu da ezker abertzalea. «Indar metaketaren bidez erantzungo diogu, erakutsiz gero eta gehiagok egiten dugula konponbideen aldeko apustua». Horixe dauka «jarrera oztopatzaileak» gainditzeko gakotzat.
Oztopoak oztopo, indar gehiago metatzeko deia
Ezker abertzaleak dio Espainiaren «blokeoak» konponbidearekin talka egiten duela eta bilduta egin behar zaiola aurre
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu