Hezkuntza

PAItik ateratzeko autonomia aldarrikatu du Castejongo ikastetxe publikoak

Nafarroako Parlamentuan gogorarazi dute bigarren urtez egin dutela programa uzteko eskaera, eta irakasleen klaustroaren %78ak eta eskola kontseiluaren %100ak babesten dutela hori.

Parlamentu kanpoan,  LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, ELA eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin dute. STEILAS
joxerra senar
2021eko martxoaren 3a
14:52
Entzun

«Erabaki honek gure seme-alaben etorkizuna eta hezkuntza baldintzatuko du». Laura Irigarai Castejongo ikastetxe publikoko gurasoetako batek Parlamentuan euren egonezina adierazi du. Irigaraik gogorarazi duenez, hasieratik  PAI ingelesezko programa Castejongo hezkuntza komunitatearen irizpidea aintzat hartu gabe ezarri zen, eta sei ikasturte geroago, PAI programa uztea berretsi dute —iragan kurtsoan ere egin zuten—. Zehazki, irakasleen klaustroaren %78k babestu du eskaera eta eskola kontseiluaren %100ak.

Castejongo ikastetxe publikoaren aldarriarekin bat egin dute ELA, LAB, Steilas, Afapna, ANPE, CCOO, eta UGT sindikatuek ere, eta euren babesa adierazi diete parlamentu kanpoan, 11:30ean egindako elkarretaratzean. Dario Frias eskola kontseiluko ordezkariak parlamentuan aldarrikatu du klaustroaren, eskola kontseiluaren eta sindikatuen babes hori guztia kontuan hartu beharko luketela erabakiaren aurka diren Navarra Suma eta PSN taldeek, eta batez ere eskaeraren gaineko erabakia hartu behar duen Hezkuntza departamenduak. 

Sei ikasturte dira PAI ingelesezko programa ezarri zenetik Castejongo Dos de Mayo ikastetxe publikoan, Nafarroako beste 60 eskoletan bezala. Iragan ikasturtean, programa uztea eskatu zuen, eta departamenduan atzera bota zuen, akats formak argudiatuta. Aurten ere eskaera bera egin du eskola kontseiluak «aldeko zein kontrako» irizpide guztiak aztertu ostean. Hezkuntza departamenduak erantzun dio PAI eskaintzen duten mailen irteteko egutegia aldatu egin behar duela.

Ikastetxearen argudioak

Ainhoa Reparaz ikasketaburuak eta Dario Frias eskola kontseiluko ordezkariek esan dute ez daudela ez ingelesaren ikasketaren aurka, ez eta hizkuntza murgilketaren aurka, baina hori ezin dela egin beste ikasgaien aurka. «Errealitatea burugogorra da. Hemen ideiak plazaratu ditzakegu, eta PAIren argudio teorikoa borobila izan daiteke, baina ni bihar ikasleen aurrean jarri behar naiz, eta errealitate hori ez dago sustengatzerik. Agian paperak sustengatu dezake, baina hezkuntzaren prozesu barruan aplikatu behar da eta bideraezina da», azaldu du Friasek, sutsu, PSNko parlamentari bati erantzunez.

Castejongo Dos de Mayo ikastetxeko ordezkariek azaldu dute PAI 2014-2015 ikasturtean ezarri zela euren irizpidea aintzat hartu gabe. Geroztik aurrera egin du programak, eta Haur Hezkuntzako lehen mailatik Lehen Hezkuntzako hirugarren mailara arte ezartzen da egun, arduradunen arabera, ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatearen aurka. Irizpide orokor gisa, Gobernuak ezartzen die egunean gutxienez bi eskola eman behar direla eta lehen hezkuntzan zientzien irakaskuntzan aplikatu behar dutela.

Horren aurrean, Castejonen urtero bide desberdinak hartu dituzte, PAI programara egokitzeko asmoz, baina ondorioztatu dute ikasleek zailtasunak dituztela gaiak jarraitzeko eta ingelesaren ezagutzak ez duela hobera egin. Reparazen arabera, ez dago curriculum zehatzik, eta, ondorioz, natur zientzietan eta gizarte zientzietan, irakasleek «bi aldiz» errepikatu behar dituzte edukiak gazteleraz eta ingelesez, edo lezioen edukia sinplifikatu. «Gelaren erritmoa moteldu egiten da, eta edukia, sinplifikatu», azaldu du Reparazek. Gaineratu du hizkuntza irakasteko aitzakiarekin ikasteko prozesuaren beste elementu batzuk alboratzera behartuta daudela; adibidez, ikasten ikastea.

Beste ama hizkuntza

Errealitatea sozioekonomiko berezia du Castejonek. Hamar nazionalitateko ikasleak ditu, ikasleen %46k gaztelera ez den beste ama hizkuntza bat dute, gehienetan arabiera. Zenbaitetan, urtero haur hezkuntzan sartzen diren ikasleen erdiek baino gehiagok ez dute gazteleraz egiten etxean, eta horrek aditzera ematen du gaztelera ikasteko beharra dutela. Horri gaineratu behar zaio, urtero, ikasturte erdian 30 ikasle inguruk izen ematen dutela ikastetxean. Testuinguru horretan, PAI oztopo bat da Castejongo arduradunen esanetan. Haur hezkuntzatik lehen hezkuntzara pasatzen direnen artean, erdiak baino gehiagok ikasgairen bat uzten du zintzilik maila gainditu aurretik. Reparazen arabera, PAIk aurrera egin ahala, arazo hori areagotu egin daiteke, batik bat bigarren hezkuntzara heltzen denean.

Errealitate horren aurrean, Laura Irigaraik gurasoen kezka berretsi du, euren seme-alabek etorkizunean hezkuntza porrota areagotzeko aukera areagotu egiten duelako PAIk: «Esperimentu honekin hasi ginenetik, gure egonezina adierazi dugu. Gure seme-alabak galtzen ari dira, gizarte eta natur zientziatan. Ingelesa ikastetik urrun, gaztelera galtzen ari dira». Premiazkotzat jo du Castejongo ikastetxe publikoaren autonomia errespetatzea. «Ez dugu ulertzen nolatan PAI uzteko aukera ematen den, baina hori eskatzen denean, ukatu egiten den»

 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.