Kasuak ugaritu egin dira, eta kasu horien ehuneko handi bat ohi baino larriagoa da”, ohartarazi du Yolanda Iglesiasek, Acabe Gipuzkoako Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkarteko psikologoak. Kontatu du aspaldian ikusten ez zituzten gauzak ikusten ari direla. Anorexiari dagokionez, esate baterako, oso denbora gutxian 15-20 kilo galdu dituzten 14-15 urteko gazteen kasuak izan dituzte. Izan dituzte 13-14ko gorputz masaren indizearekin joan zaizkien gaixoak ere —adibidez, 1,70 metro neurtzen duen batek 40 kilo pisatzea esan nahi du horrek—. “Lehen, oso noizbehinka izaten genituen halakoak, eta, orain, ia astero”.
COVID-19aren pandemia lehertu zenetik, asko ugaritu dira elikadura portaeraren nahasmenduak. Hala baieztatzen dute hango eta hemengo adituek. Acaben bertan, zortziehun kontsulta izan zituzten iaz, 2019an baino %50 inguru gehiago: “Uste genuen gauza koiuntural bat izango zela, kasuak gutxituz joango zirela, baina ez da hala gertatzen ari”. Konfinamenduak, harreman sozialak mugatuta egoteak eta abarrek eragin handia izan dutela onartuta ere, Iglesiasen ustez, igoera ez da koronabirusaren ondorio hutsa. Hainbat faktore elkartu direla esan du: “Ikerketek esaten dute, eta arlo honetan aritzen garenok ere ikusten dugu, nerabezaroan asko ari direla ugaritzen nahasmendu psikologikoak”. Pandemiak jendea laguntza bilatzera bultzatu duelakoan dago, eta buru osasunari ere gehiago begiratzen zaiola iruditzen zaio: “Lehen, akaso, ez zitzaion halako garrantzirik ematen”.
Azken hilabeteotan elkartean ikusten dutena kontatzen hasita, gaixoen profilean izandako aldaketa da aipatu duen kontuetako bat. 40 urtetik gorako gehiago joaten zaizkie beren buruarentzako laguntza eske: “Urtero egiten ditugu memoriak, eta, lehen, eskuetako behatzekin konta zitezkeen halakoak; orain, askoz ohikoagoak dira”. Iglesiasen esanetan, adin horretako pertsonen artean, bulimia eta betekadagatiko nahasmendua izaten dira ohikoenak; gaztetxoen artean, berriz, anorexia.
Betekadagatiko nahasmendua ez da anorexia eta bulimia bezain ezaguna, baina pandemia garaiotan asko ugaritu dela esan du Acabeko psikologoak. Nahasmendu hori dutenek ezin izaten dute beren burua kontrolatu, eta asko jaten dute, janari mota ere kontrolatu gabe, baina, bulimia kasuetan ez bezala, jandako hori “konpentsatzeko” ez dute ezer egiten, hau da, ez dute goragalea eragin edo halakorik egiten. “Ondoez, erru eta utzikeria sentsazioa eragiten du betekadagatiko nahasmenduak, eta, konpentsaziorik ez dagoenez, denborarekin pisua hartzea ere ohikoa izaten da”. Iglesiasen esanetan, portzentajeetan emakumeak eta gizonak antzera dabiltzan elikadura portaeraren nahasmendu bakarrenetakoa da.
Kirola ere obsesio
Sare sozialek ere ez dute batere lagundu azken boladan. Lehen bezala sozializatzeko aukerarik ezean, haietara jo du jendeak, entretenitzeko. “Dietei eta elikagaiei buruzko bilaketak ugaritu egin dira, eta, noski, itxura fisikoari buruzko irudien bilaketak ere bai”. Beren burua kirola egiten erakusten zutenen bideoek, bizitza osasuntsuari buruzko aholkuak ematen ageri ziren influencer-ek eta halakoek erru sentsazioa eragin diote zenbaiti, iruditzen zitzaielako beraiek ez zirela hainbeste zaintzen. “Egoeragatik, gehiago bildu gara gure baitan, barrenak lasaitzeko modu gutxiago izan ditugu, distrakziorako aukera gutxiago ere bai… Eta obsesioak handitu egin dira”. Hala, Iglesiasek dio aurrez ere arriskuan zeudenetako asko, alegia, elikadura jokabideari lotutako nahasmenduen ezaugarri batzuk jada bazituztenetako asko, erori egin direla.
Kirolari lotuta, elkartean lehen hainbeste ikusten ez zuten beste profil bat ere ugaritu egin dela esan du: gehiegizkoa eta konpultsiboa den jarduera fisikoarekin uztartutako anorexia kasuak. Dena den, Iglesiasek esan du ez dela nahastu behar: “Zaintzea eta kirola egitea ondo dago. Hori obsesio bihurtzen denean etortzen dira arazoak: gogorik gabe ere kirola egin beharra sentitzen denean, kirola jan dena konpentsatzeko egiten denean, eta abar”.
Badago bigorexia esaten zaion nahasmendu bat ere. Giharrak garatzeko obsesioa izaten dute hura dutenek, eta anabolizatzaileak eta beste substantzia batzuk ere hartu ohi dituzte: “Eta obsesio bat da, norbere bizimodua guztiz baldintzatzen duelako”. Hala ere, gutxik jo ohi dute laguntza eske. Iglesiasek hogei urte daramatzaAcaben, eta esan du bi lagun bakarrik joan zaizkiela urte hauetan guztietan kirolarekin obsesionatuta daudela esanez.
Elikadura portaeraren nahasmenduren baten zantzuak ikusita, batzuetan senideek jo ohi dute elkartera laguntza eske; besteetan, arazoa dutenek beraiek. “Agian ez dute jaterik nahi izaten, baina ikusten dute kalte egiten dieten jokabideak dituztela, adibidez, kalera edo lagunengana ateratzeari utzi diotela, gonbitoengatik ondorio fisikoak izaten hasi direla, eta abar, eta urrunegi irits daitezkeen beldur dira”.
Senideen rolari ere garrantzi handia ematen diote elkartean. “Familia funtsezkoa da, are gehiago nahasmendua seme-alaba neraberen batek duenean eta elkarrekin bizi direnean”. Azaldu du familiak, batez ere, “gauzak gehiago ez okertzen” lagun dezakeela. Elikadura nahasmenduek kaos handia eragiten dute inguruan, psikologoaren esanetan: “Adibidez, etxean ere rol aldaketak egoten dira, anai-arrebak gurasoena egiten hasten baitira. Komunikazioa hobetzea oso garrantzitsua izaten da”.
Bizitza ez dezala baldintzatu
Acabe elkartean informazioa ematen diete ingurukoei, orientatzeko. Senideari zer gertatzen ari zaion, zer laguntza mota jaso ditzaketen arlo publikoan nahiz pribatuan, egoerari aurre egiteko zein pauta jarraitu, eta abar azaltzen diete: “Eta entzun egiten diegu. Familiak asko sufritzen du, egiten duzuna egiten duzula ere semeak edo alabak ez duela jaten ikusteak etsipen handia eragiten baitu. Gure helburua izaten da familiak ulertzea zer gertatzen ari den, eta babestea”. Iglesiasek aholku bat eman die inguruan halako kasuren bat ikusten dutenei: lehenbailehen eskatzea laguntza.
Nahasmendu psikologikoak izanik, luze jotzen du errekuperazio prozesuak. Alabaina, nabarmendu du posible dela anorexia, bulimia eta gainerakoak gainditzea. Zehaztapen bat egin du, ordea: “Elikadura portaera batetik errekuperatzea ez da jaten hastea, zoriontsu izatea baizik”. Errekuperazioa jatearekin lotzea akats bat dela dio, eta, horren ordez, gaixoak janariarekin duen harremanean jarri du arreta. “Ez duzula txokolatezko tartarik jan nahi zure bizitza osoan? Horrek ez badizu zoriontasuna kentzen eta ez bazaitu obsesionatzen, ez dago arazorik”.
Iglesiasen esanetan, janariak bizitza ez baldintzatzea lortu behar da, edo lehen bezainbeste ez baldintzatzea, behintzat. “Elikadura portaeren nahasmenduak dituztenak ez dira zoriontsuak izaten: triste egoten dira; depresioak izaten dituzte; nahasmenduak beste arazo batzuk ere sortzen dizkiete… Osatzen direnek esaten diguten gauzetako bat zera izaten da: janariarekin zerikusirik ez duten helburuak dituztela bizitzan”.