Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Galdera zuzena

Panpi Saint-Marie

Laboraria

2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
1. Zer interesekin begiratzen diezu hauteskunde horiei?

2. Bakegintzan eta normalizazio politikoaren bidean aitzina pausoak emateko balioko ote dute?

3. Ipar Euskal Herriarentzat zer garrantzi dute?

4. Ondoriorik izanen ote da Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanetan?

5. Laborantza arloan?

1. Euskal herritar sentitzen naizenez, argi da beti segitu izan dudala, egin ahala hurbiletik, Hego Euskal Herriko aktualitate oro. Hauteskunde horiek are gehiago jarraitzen ditut, orain arte sekula ezagutu ez dugun egoera politikoan kokatzen direlako.

2. Bakegintzak eta normalizazioak arrautza eta oiloa bezala dirudite... Zein da lehenik? Zein bigarrenik? Prozesu honetan aldebakarreko urratsak egiten ari gara; denbora hartuko du, zaila da, baina bide horretan tematu behar gara. Ez delako beste biderik.

3. Ipar Euskal Herriarentzat anitz balio dute hauteskunde horiek, egoera berri batean kokatzen direnez, baztertua zen ezker abertzalea berriz hor izanki. EH Bilduk ere antzekotasuna badu hemengo EH Bairekin, bilduz garelako denak aitzinatuko berriz.

4. Gehiengo abertzale bat legebiltzarrean ukaiteko parada badugu, berriz nazio ikuspegi bat duen lehendakari bat izan liteke. Eta hemen, Ipar Euskal Herrian, agian euskal lurralde elkargo bat lortuko dugu laster. Herri bezala, gisa guztietako harremanak sortzeko eta azkartzeko baldintza hobeak ukango genituzke.

5. Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko laborariak biltzen dituen mugimendu bat sortu dugu berriki; Etxalde du izena. Elikadura burujabetza eta laborantza iraunkorra bultzatzea dugu helburu nagusitzat ezarria. Bestelako nekazaritza politika bat behar dugu; herritarren zerbitzuko, ingurumenaren zaintzaile eta sozialki zuzena dena. Hori ezinbestekoa dugu, bestela gaur egungo ereduak erreko gaitu. Espero dut hauteskundeetarik aterako den gehiengo berriak Etxalderen gisako mugimenduak entzunen dituela. Entzunak izateko asmoz, Bilboko karriketan izanen gara datorren urriaren 27an Elikadura herritarron eskubidea lelopean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.