Uurte eta erdiko hausnarketaren ostean, Berria taldeak abian jarri du eskaintza informatibo berria. Krisi ekonomikora zein paperaren krisira egokitutako eskaintza da gaurtik irakurleek zein Interneten ibiltzen direnek topatuko dutena. Aldaketa nagusiak bi dira: herrialde bakoitzerako astekaria eta Berriketan.info sare soziala. «Gure erronka eta erantzukizuna proiektuari bultzada eta bideragarritasun ekonomikoa ematea da», nabarmendu zuen Joanmari Larrartek, EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko kontseilari ordezkariak.
Aste honetan astekarien aurkezpenak egin ostean, atzo egin zen eskaintzaren jendeaurreko aurkezpena Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. Han izan ziren, besteren artean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria Estibalitz Alkorta; ezker abertzaleko Miren Legorburu eta Karmele Aierbe; Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta idazkari nagusi ohi Xabier Mendiguren; Ikastolen Elkarteko Xabier Oleaga eta Abel Ariznabarreta; Elkar argitaletxeko Jose Mari Sors; eta Jakin aldizkariko zuzendari Joan Mari Torrealdai.
Larrartek hausnarketa prozesu hori egiteko arrazoiak aipatu zituen. «Ikusten genuen gauzak egiteko inoiz baino aukera gehiago genituela. Baina ekonomikoki inoiz baino mugatuago geundela». Gainerako egunkarien antzera, krisi ekonomikoa eta paperaren krisia sufritzen ari da BERRIA.
Paperaren krisiari dagokionez, Larrartek gogorarazi zuen egunkari salmentak nabarmen egin duela behera : «BERRIaren kasuan jaitsiera hori zertxobait moteldu da aurten; baina, hala ere, %2koa izan da. Belaunaldi berriek ez dute paperera jotzen, eta negozioeredua erortzen ari da ». Hala, www. berria.info-kinoiz baino bisitari gehiago ditu: 17.500 eta 18.000 artean astegunetan. Irailean 500.000 bisiten langa gainditu zuen estreinakoz. «Komunikabideentzat etorkizuna Interneten dago, nahiz eta oraindik ez dakigun hori nola egingo den ekonomikoki bideragarri egiteko».
Krisi ekonomikoa, Larrartek azaldutakoaren arabera, bi esparrutan antzeman da: publizitatean eta erakundeen diru laguntzetan. Publizitateri lotutako diru sarreretan «egoera zailean» dago Berria taldea. «Azken bi urteetan %30 gutxitu da fakturazioa, eta horrek arazo ekonomiko larria sortzen du. Esanguratsua izan da marka komertzialen publizitatean izandako jaitsiera; eta berdin gertatu da instituzioek jartzen duten publizitatearekin. Izan ere, instituzioetatik ez dugu benetako apustu bat ikusten euskarazko hedabideen alde».
Erakundeen diru laguntzekin berdin geratzen da. «Onartzen dute sektore estrategikoa dela, baina gero ez dituzte horren neurriko erabakiak hartzen; ez dute euskararen eta euskal kulturaren aldeko apustu instituzionalik egiten». Horrek guztiak eraman du Berria taldea hausnarketa egitera, eta atzo eta gaur artean abiatutako eskaintzen informatiboaren alde egitea.
Sareko aldaketen berri Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak eman zuen. «Egia esan, sareko kioskoan oso ondo kokatuta gaude, eta azken urteetan urrats garrantzitsuak egin ditugu. Gu izan ginen, adibidez, epaitegitik bertatik epaiketa baten zuzeneko kontaketa egin genuen lehenak Internetez», nabarmendu zuen Otamendik. Aldaketa nagusia Berriketan.info sare sozialaren sorrera izan da. «BERRIAko eta Hitzetako kazetariak jada hasi dira bertan ekarpena egiten, eta jendeari dago zabalik». Horrekin batera, www.berria.info webguneri kolore gehiago eman zaio, eta datozen asteetan osasun arloari eta gastronomiari lotutako kanalak sortuko dira.
Papereko eskaintza
Paperean berritasuna gaurtik aurrera ostiralero kaleratuko diren lurralde bakoitzerako astekariak dira. «BERRIAren orrialde kopurua murriztu dugu, eta Hitzen argitalpen egunak gutxitu ditugu. Baina, bestalde, gure eskaintza zabaldu dugu, herrialde bakoitzera begirako astekarien bidez. Ez da ahaztu behar oraindik ere etekin ekonomikoak ematen dituena papera dela», adierazi zuen Larrartek. Gipuzkoako eta Bizkaiko astekariek hamasei orrialde izango dituzte, eta Arabakoak, Nafarroakoak eta Iparraldekoak, zortzi. Gaur aurkeztuko dute azken astekaria: Iparraldeko Hitza. Baionako Elkar Megadendan izango da, 11:30ean.
Helburua proiektuari bideragarritasun ekonomikoa ematea da. Euskarazko hedabideak sustatzea eta sortzea da Berria taldearen beste xede bat; hala, haurrentzako beste eskaintza bat aurkeztuko du bi aste barru Elkar eta Katxiporretarekin batera.
Paperean eta sarean osatuago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu