Nafarroan, jada, bada osasun arreta jasotzeko aukerarik gabe gelditzen ari den herritarrik. Paperik gabeko etorkinei osasun txartela berritzeko aukera ukatzen ari zaiela salatu dute NaBaik eta Bilduk, Asun Fernandez de Garaialde eta Bakartxo Ruiz parlamentariek Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiaren bidez. Etorkinekin lan egiten duten gobernuz kanpoko hainbat erakundek ere salaketa bera egin dute, eta Nafarroako Gobernuak ez du informazio hori gezurtatu. BERRIAk auzi horri buruz galdetu dio Osasun Departamentuari, baina ez diote inolako azalpenik eman.
NaBaik eta Bilduk, hain zuzen ere, Osasun kontseilari Marta Veraren agerraldi bat eskatu dute Nafarroako Parlamentuan. «Bada garaia gezurrak bazter utzi eta argi hitz egiteko. Gobernuak ez du deus erraten, baina badaki zer egin behar duen. Etorkinen osasun txartelak berritzen ez badituzte, sistematik at utziko dituzte herritar horiek, eta horrek are okerrago bilakatu du egun duten egoera zaila», nabarmendu du NaBaiko parlamentari Asun Fernandez de Garaialdek. Neurria xenofobotzat jo du.
NaBaiko eta Bilduko bi parlamentariek salatu dutena berretsi du Munduko Medikuak elkarteak. «Dagoeneko legea aplikatzen ari dira. Era askotako aitzakiak ematen ari zaizkie paperik gabeko etorkinei ez artatzeko, eta soilik gutako batekin badoaz artatzen dituzte», adierazi du elkarteak. Jakinarazi dute dagoeneko izan dutela osasun txartela berritu ez dioten etorkin ugariren kasuen berri.
Espainiako Gobernuak irailaren 1etik aurrera utzi nahi ditu paperik gabeko etorkinak osasun txartelik gabe. Eusko Jaurlaritzak iragarria du neurri hori ez duela indarrean jarriko. Jarrera hori kritikatu du EAEko PPko presidente Antonio Basagoitik. «Espainiako Gobernuak hartu neurri bera agindu zuen Eusko Jaurlaritzak iazko irailean», erran du. Basagoitiren arabera, paperik gabeko etorkinak ez artatzeko agindu zien Eusko Jaurlaritzak, duela hainbat hilabete, ospitale eta osasun etxeetako arduradunei.
Larrialdi egoera
Etorkinek jaso beharreko osasun arretari buruzko auzia ez da Nafarroako Osasun Zerbitzua ezbaian jartzen duen bakarra. Horixe nabarmendu du Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek. Salatu du Espainiako eta Nafarroako gobernuek hartutako bertze hainbat neurrik kolokan jartzen dutela osasun zerbitzu publikoa. «Larrialdi egoeran gaude», erran du, argi eta garbi, parlamentariak. «Espainiako eta Nafarroako gobernuek indarrean jarritako murrizketak Nafarroako osasun sistema publikoa hondatzen ari dira», erantsi du.
Bi neurrik eragin dute egoerak okerrera egitea, Ruizen hitzetan: batetik, Nafarroako Gobernuak osasun sistema aldatzeko hartu erabakia; eta bertzetik, Espainiako Gobernuak udazkenean abortuaren legea moldatzeko duen asmoa.
Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erreformari buruz, Ruiz argi mintzatu da: «UPNk inposatu nahi duen erreforma bat da. Aldaketaz hitz egiten dutenean, murrizketei buruz ari dira, benetan. Aldaketak adostu behar dira, eta Nafarroako Parlamentuan eztabaidatu».
Abortuaren legeari dagokionez, oraingo eredua —epeak oinarri dituena— bazter uzteko asmoa «atzerapauso handitzat» jo du Bilduko parlamentariak. «PPk sektore katolikoenen eta eskuindarrenen babesa nahi du, eta horretarako emakumeon sexu eta ugaltze eskubideak modu larrian urratzen ditu».
Hori dela eta, Bilduk eta NaBaik mozioa aurkeztu dute Nafarroako Parlamentuan, erakunde horrek Nafarroako Gobernuari eska diezaion nafar emakumeen eskubideak defenda ditzala. Nafarroako Gobernuak Espainiak egin nahi duen aldaketaren aurka agertu beharko lukeela nabarmendu du Ruizek. Iragarri du, halere, halakorik ez dutela espero.
Paperik ez dutenei osasun txartela ukatzen diete jada Nafarroan
Nafarroa Baik eta Bilduk salatu dute gobernuak ez diela txartela berritzeko aukera ematen agiririk gabeko etorkineiEusko Jaurlaritzak ez du neurria beteko; agindu bera eman izana egotzi dio PPk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu