Frantziako Estatuak euskal lurralde elkargoari begira duen blokeo egoera salatu nahian, Batera plataformak Ipar Euskal Herriko errepideak oztopatuko ditu martxoaren 3an. Parisez gain, tokiko hautetsi batzuengandik eta departamenduko Kontseilu Nagusiaren partetik ere sendi dute aldarriari begira erantzunik eza, eta horien jarrera ere salatuko dute orduan. Zazpi gunetan izanen dira, 10:00etarik eguerdi arte: Miarritzeko aireportu ondoan, Urruña eta Ziburu artean, Senpereko sartzean, Kanboko D932 bidean, Maulen, Donazaharren eta definitua ez den Nafarroa Behereko beste gune batean.
Atzo egin zuten, Baionan, ekintzaren berri emateko prentsaurrekoa. «Euskal Herria bere etorkizunaren jabe izateko ezagupen instituzionala nahi duten guztiei» ekintzan parte hartzeko deia egin zien Maite Goihenetxe Batera-ko kideak. Hain zuzen, orduan, halaber, aldarrikapen horri buruz informatu nahi dituzte herritarrak. Zehaztu dutenez, autoak filtratuz edota saihesbide moduan, zirkulazioa ez da erabat blokeatuko.
Jakes Bortairu Batera plataformako kideak azaldu du ekintza hori testuinguru aberats-aberats baten barnean dela. Euskal Herriko aro politiko berria eta Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean gaindi lurralde elkargoari buruzko eztabaidak harturiko garrantzia azpimarratu ditu. Horrez gain, Frantziako Gobernuak egin lurralde berrantolaketa eta aurten diren presidente-tzarako hauteskundeak aipatu ditu.
Hautagaiekin harremanetan
Presidentetzarako bozketak direla eta, euskal lurralde elkargoaren aldarrikapenaren berri emanen diete hautagai guztiei. Batera-ko Nikolas Blainek jakinarazi du harremanetan sartuak direla jada zuzenki Parisko arduradun batzuekin eta tokiko ordezkari zenbaitekin. Uztailean egin biltzar nagusian erabaki zuten hori guztia.
Parisen blokeoa erakusteko, errepideak blokeatuko ditu Batera-k martxoaren 3an
Ipar Euskal Herriko zazpi gunetan trabatuko dute zirkulazioa, euskal lurralde elkargoa aldarrikatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu