Euskal presoak

'Parot doktrina' bertan behera uzteko eskatu du Herrira-k 60 hiri eta herritan

Gaixo larri dauden presoak askatzeko eskatu, eta bizi guztiko zigorra salatu dute ehunka herritarrek

Bizi guztiko zigorra bertan behera uzteko eskatu zuten atzo Bilboko elkarretaratzean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko irailaren 16a
00:00
Entzun
197/2006 doktrina bertan behera uzteko eta larri dauden hamahiru euskal presoak askatzeko eskatu zuen Herrira mugimenduak atzo Euskal Herriko 60 herri eta hiritan egun osoan egindako elkarretaratzeetan. Jakinarazi zutenez, orotara, 78 presok daukate doktrina aplikatuta eta haietako batzuk gaixo daude. Haien jatorrizko herri eta hirietan ehunka herritar bildu ziren mobilizazioetan.

Herrira-ko ordezkariek Estrasburgon egindako harreman errondan 197/2006 doktrina «hizketagai nagusietakoa» izan zutela argitu zuen Beñat Zarrabeitiak Bilbon, 12:30ean egindako elkarretaratzean. «Dakizuenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak errefusatu eta legez kanpokotzat jo duen neurria da». Jende andana bildu zen Plaza Biribilera. Besteak beste, berton izan ziren Amaia Esnal Herrira-ko kidea, ezker abertzaleko Maribi Ugarteburu eta Tasio Erkizia eta Aralarreko Dani Maeztu.

Herenegun Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak jakinarazitako zigor kode berriak ezarriko dituen neurriak salatu zituen, halaber, Zarrabeitiak: «Uste dugu norabide positiboan urratsak egiteko garaia dela, ezinezkoa dela iraganaean eta gatazkan iltzatuta dauden neurriak mantentzea edo neurri berriak proposatzea, azken orduetan jakin dugun bezala».

Herrira-k jakinarazi duenez, Zornotzan 120 pertsonatik gora bildu ziren, eta Gasteizen ere jende asko bildu zen. Donibane Lohizunen dozenaka pertsona bildu ziren. Irunen giza katea egin zuten, eta Irungo epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egin zuten gero dozenaka pertsonak. Halaber, besteak beste, mobilizazioak izan ziren Donostian, Iruñean, Ondarroan, Elorrion, Hernanin, Elizondon, Lekunberrin, Bermeon eta Azpeitian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.