'Parot doktrinaren' aurka azaldu da Fiskaltza

Ebazpen judizialen ukiezintasun eskubidea errespetatu behar dela defenditu du Konstituzionalean

Erredakzioa
Donostia
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
197/2006 doktrina, Parot doktrina gisa ezagunagoa dena —euskal presoei ezarritako kartzela irteera luzatzeko Espainiako Auzitegi Gorenak 2006ko epai batean jurisprudentzia gisa ezarritakoa— kinkan dagoela esaten ari dira Espainiako hainbat hedabide duela hilabete batzuetatik, doktrina hori ezarri dieten hainbat euskal presok Espainiako Auzitegi Konstituzionalean jarri dituzten helegiteen karira—gutxienez 24 onartuak ditu—. Doktrinaren aurka diren epaile gehiago ei dira alde daudenak baino. Hedabideek orain arte esan ez zutena, ordea, atzo jakin zen; Fiskaltza bera ere doktrinaren aurka azaldu da.

Joseba Artolaren babes helegitea aztertzeko auzian izan da. Fiskaltzak hamabost orrialdeko idatzi bat aurkeztu du euskal presoari bere garaian ezarri zitzaion espetxetik irteteko zigorraren amaiera mugiezina dela defendituz eta kondena elkartzeko araudiaren interpretazio irizpideak aldatzearen aurka azalduz, ordurako ezarriak baitziren ebazpen judizial bidez. Fiskaltzak uste du urratu egin direla ebazpen judizialen ukiezintasun eskubidea (Europako Batasunaren 24.1 artikulua), presoaren kalterako diren neurrien atzeraezintasunarekin lotutako zigor araudia (EBren 25.1 art.) eta askatasun pertsonalerako eskubidea.

Fiskaltza irmo ageri da bere garaian zegokion autoak ezarritakoaren eta espetxe zentroak proposatutakoaren araberakoa izan behar duela kondenaren amaiera eta kartzelatik irteteko eguna.

Babes helegitean aipatu gabe

Artolaren kasuan, 2006an irten behar zuen, baina, doktrina aplikatuta, 2016ra arte atzeratu zioten irteera.

Fiskaltzak uste du «ebazpen judizialen ukiezintasun eskubidea» urratu zaiola Artolari, eta nahiz eta argudio hori babes helegitean erabili ez den, uste du eskubide hori babestu beharrekoa dela.

Gainera, doktrinaren aplikazioarekin presoaren irteera eguna aldatzeko irizpideak zeharo aldatu direla uste du, presoaren kalterako: «Kontrako bertsio interpretatibo bat eskaini du, eta de facto marko berri bat sortu du, presoaren irteera eguna luzatzea eraginez».

Fiskaltzak, dena den, kasuz kasu emango du iritzia aurkeztu diren babes helegite guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.