Irungo (Gipuzkoa) alarde parekidearen antolatzaileak «harro» agertu dira desfile mistoak aurten izan duen harrerarekin. Komunikabideei bidalitako ohar batean adierazi dute joan den igandeko alardearen parte hartzea «handitu» egin zela, «historikoa» izan zela, eta gazte zein heldu asko batu zitzaizkiela. Eskerrak eman dizkiete babesa eman zieten guztiei; Emakunderen, Arartekoaren eta aldundiaren diru laguntza eskertu dute, eta baita «elkartasuna adieraztera» joan ziren alderdi politikoen babesa ere. Ez, ordea, Jose Antonio Santano alkatearena (PSE-EE); izan ere, ez zion alarde parekideari harrerarik egin, eta antolakuntzak «mespretxutzat» jo du erabakia.
1.800 lagun inguruk hartu zuten parte alarde parekidean. Aurreko urteetako «presio eta errepresaliak» baretu direla azpimarratu dute, baina esan dute oraindik lanean jarraituko dutela «elkarbizitza eta normalizazioa» nagusitu daitezen.
Beste behin, hizpide izan zen Santanoren falta: lagun talde batek alkatearen irudia zuen kartel bat zabaldu zuen airean. Antolatzaileek «kezka» azaldu dute, hiriko agintari gorena ez delako gai «alarde parekide eta inklusiboari abegi on» egiteko. Alderdi politikoei dagokienez, EH Bilduko, EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek harrera egin zieten udaletxean alarde parekidekoei; aurretik, EAJkoek eta PSE-EEekoek alarde baztertzaileari ere babesa eman zioten.
Parte hartzea «historikoa» izan da aurten Irungo alarde parekidean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu