Aurreikuspenek kontrakoa zioten arren, parte hartzeak gora egin du hauteskunde hauetan. Europako Parlamenturako hauteskundeetan lehen aldiz, parte hartzea handitu egin da. Europako Batasunean %43,1ekoa izan da, orain dela lau urte baino hamarren bat gehiago. Orain arte, 1979tik jaitsi egin da parte hartzea hauteskundez hauteskunde.
Igoera horrek izan du islada Hego Euskal Herrian ere. Lau lurraldeetan egin du gora parte hartzeak orain dela bost urteko bozekin alderatuta. Nafarroan eta Bizkaian joan dira gehien herritarrak bozkatzera. Nafarroan ia lau puntu igo da: 2009an %42,69koa izan zen parte hartzea, eta orain %46,40koa izan da. Bizkaian, berriz, orain bost urte %42,96koa, eta orain %45,76koa, beraz, ia hiru puntu.
14:00etan egin duten lehen neurketatik sumatu da Hegoaldean parte hartzearen gorakada. Baina bigarrenean, 18:00etan, handiagoa zen oraindik. Hala, Araban eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, bozkalekuak itxi dituztenean herritarren %43,54 eta %42,99 joanak ziren bozkatzera.
Ipar Euskal Herriko daturik ez du eman prefeturak, baina Pirinio Atlandikoetan behera egin duela jakinarazi du. Arratsaldeko bostetan egin dute neurketa, eta ordu horretan %37,55ekoa zen, 2009an baino ia puntu eta erdi gutxiago.