Pasaiako badia biziberritzeko, Herrera «itzultzeko» eskatu du diputazioak

Errauste plantaren erdia balioko du hondakinen kudeaketa berriaren azpiegitura sareak, Garitanoren esanetan

Hutsik dagoen Pasaiako pabiloi batean aurkeztu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak bere jarduera programa, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2012ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Pasaiako badia biziberritzea da Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasunetako bat, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen du Herrerako lurrak Pasaiako Udalari eta herritarrei itzultzea. Pasaiako Portu Agintaritzarenak dira lur horiek. Hamazazpi hektarea dira, badiaren ertzean, Trintxerpe auzoan, eta aspaldian batere garapenik izan ez dutenak; garatzekotan eta badia biziberritzekotan lurrek herritarren esku egon behar dutela nabarmendu du Martin Garitano ahaldun nagusiak, eta jabetza herriari itzultzeko eskatu dio Portu Agintaritzari: «Herrerako lur publiko hauek herritarren mesedetan erabili behar dira, ez espekulatzeko».

Diputazioaren gobernuak ez duela lanerako programarik salatu dute, hainbat alditan, oposizioko alderdiek; horregatik, agintaldirako «egitasmo estrategikoak» aurkezteko ekitaldia egin zuen diputazioak atzo. Lekua eta eguna zehatz aukeratu zituzten: maiatzaren 22an, hauteskundeak egin eta urtebetera egin dute egitasmoen aurkezpena. Bozetan Gipuzkoak «aldaketaren alde» egin zuela nabarmendu du Garitanok: «Aldaketa politiko eta soziala egitera etorri gara, eta horretan ari gara». Bakegintza eta krisia; bi gai horiek aipatu ditu Garitanok, eta bietan urratsak egiteko konpromisoa hartu du. «Gure herriak bizi duen gatazka behin betiko gainditzeko ari gara lanean», esan du, Aieteko adierazpena gogoraraziz eta PPren gobernuak urratsik ez egitea deitoratuz.

«Gipuzkoa berria» eraikitzeko borondatea agertu du ahaldun nagusiak, eta aldaketa horren ikurtzat jarri du ekitaldirako aukeratutako lekua: Herreran da Ziriza Etxea, hutsik dagoen pabiloi bat. La Herrera Herrira taldeak eta Pasaiako Udalak herriarentzat aldarrikatzen dute inguru hori. Gipuzkoa gipuzkoarrentzat eta gipuzkoarrekin berritu nahia erakusten du ekitaldia han egiteak, Garitanoren hitzetan. Zehaztu du «zentzuzko garapenean», tokian tokiko ekonomian, ingurumenaren errespetuan eta eskualdeen arteko orekan oinarrituko dela Gipuzkoaren eredua. «Hazkunde desorekatuaren» ordez, desazkunde neurtua ezartzeaz hitz egin du Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak.

Hondakinen kudeaketa eredua aldatzea izango da diputazioaren beste erronka nagusia, ekitaldian adierazitakoaren arabera. «Epe laburrean», hondakinak kudeatzeko plan berria aurkeztuko du diputazioak, eta Garitanok aurreratu du errauste plantan oinarritutako ereduak zuen kostuaren erdia izango duela azpiegitura sare berriak eta errauste plantarik eraiki gabe itxiko dela hondakinen kudeaketa zikloa: «Errauste planta ez da beharrezkoa, funtzionatzeko modua aldatzen badugu. Badaude alternatibak». Gipuzkoa «Zero Zabor lurralde» izateko lan egingo dutela azaldu du Alduntzinek.

Gainera, diputazioak datozen hiru urteetan landu nahi dituen egitasmoak aurkeztu dituzte, departamentuz departamentu. Ahaldun nagusiaren kabinetearen barruan dauden «gai estrategikoak» nabarmendu dituzte: euskara, berdintasuna, aniztasuna, migrazioa, parte hartzea, giza eskubideak eta memoria historikoa. Garraio publikoa sustatu eta txartel bakarra sortzeko ahalegina egingo dutela adierazi, eta kultura arloan lehentasunak Artelekun, Tabakaleran eta Koldo Mitxelena kulturgunean jarriko dituztela azaldu dute. Gizarte politikak indartzen egin beharreko ahalegina ere nabarmendu dute aldundiko ordezkariek. Gastua «gardentasunez» egin behar dela, kontrolatu egin behar dela eta iruzur fiskalari kontra egiteko «baliabide guztiak» jarriko dituztela zehaztu du Helena Franco Ogasun diputatuak: «Herritar guztiek berdinak izan behar dute ogasunaren aurrean».

Ekitaldia 300 bat herritarrek jarraitu dute; tartean, Adegiko eta Merkataritza Ganberako ordezkariek, hainbat alkatek, ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariek eta gizarte mugimenduetako kideek. Aldundiaren marka berria ere aurkeztu dute ekitaldian: Gipuzkoa berria leloa hartu du aldundiak, «itsasoaren urdina» eta «mendiaren berdea» kolore dituela.

Ekitaldia, «errespetu falta»

Rafaela Romero PSE-EEko batzarkideak berehala erantzun dio atzoko ekitaldiari. «Errespetu falta» iruditu zaio, programa gaur aurkeztu behar baitu gobernuak Batzar Nagusien osoko bilkuran: «Garitanok eta Bilduk ez dute gobernatzen, propaganda politikoa egiten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.