Pasaiako kanpoko kaiaren (Gipuzkoa) Ingurumen Iraunkortasunari Buruzko Txostenak oker metodologikoak dituela ukatu du Portu Agintaritzako lehendakari Lucio Hernandok. Hala erantzun die Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoari aurkeztu dizkion alegazioei. «Ingurumenaren eta ekonomiaren ikuspegitik egin diren azterketak zorrotzak izan dira».
Aldundiak berrogei orriko txosten bat aurkeztu zuen herenegun, eta hori oinarri hartuta prestatu ditu Ingurumen Iraunkortasunari Buruzko Txostenari jarritako helegiteak. Akats metodologiko «larriak» dituela salatu zuen Juan Carlos Alduntzin Ingurumen diputatuak, eta ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik proiektua bideraezina dela. Hala, erretiratzeko eskatu zuen. «Bitxia da foru aldundiko teknikariek egindako txostena bat etortzea Bilduren iritzi eta jarrerarekin. Gainera, iritzi hori Batzar Nagusietako gehiengoaren aurkakoa da», nabarmendu du Hernandok.
Ukatu egin du, gainera, bestelako aukerak behar beste aztertu ez zituztela. Baina aitortu du Bilboko portuarekiko koordinazioa ez dutela behar beste landu. «Legeak agintzen du portuen arteko lehiakortasuna, eta, horregatik, zaila da lankidetza hori».
Aldundiak egin bezala, EAk ere alegazioak jarri dizkio kanpoko kaiaren Ingurumen Iraunkorrari Buruzko Txostenari. Iñaki Ostolaza eta Alberto Unamunzaga EAko kideek azaldu dutenez, salgaien trafikoak ez du justifikatzen kanpoko kaia egitea. «Trafikoa beherantz joan da, eta egun ditugun azpiegiturak nahikoa dira. Pasaian kanpoko kai bat eraikitzeak ez dio lehiakortasun handiagorik emango euskal portu sistemari».
Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ere auzitan jarri du EAk. «Inbertsioa oso handia da, eta zalantzak daude obra finantzatzeko gaitasunaren inguruan». Gainera, kanpoko kaiak ingurumenean eragingo lituzkeen ondorioak «onartezinak» dira, EAren arabera.
Pasaiako badiaren biziberritzea kanpoko kaiaren menpe utzi izana ere salatu du. «Egun, kanpoko kaiaren proiektua da badiaren biziberritzeari heltzeko oztopo nagusia». Hala, egitasmoa bazterrean uzteko eskatu du, eta Euskal Herriko portuen arteko elkarlana sustatzeko.
Kontrakoa uste du PSE-EEk. «Krisi garaiotan are beharrezkoagoa da kanpoko kaia. Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna handitzeko balioko luke. Gainera, badiaren biziberritzea bermatuko lukeen bakarra da».
Pasaiako kaiaren ingurumen txostena «zorrotza» dela dio Hernandok
Portu Agintaritzak eta PSE-EEk defendatu egin dute proiektua, eta EAk, berriz, alegazioak jarri dizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu